Hiru agertoki eta hemezortzi musika emanaldi Atlantikaldiaren zortzigarren ekinaldian
Musika letra larriz eskainiko du Atlantikaldiak aurten ere, ez da zalantzarik. Musikari handiekin osatu dutela kartela eta artisten aukeraketan aniztasuna bilatu dutela azaldu dute. Hilaren 23tik 26ra izango da.
Aurten ere indartsu dator. Bigarrenez pandemiaren testuinguruak baldintzatu badu ere, Atlantikaldiak ez du hutsik egingo, eta kultur topagune eta musika jaialdia onena ematera dator, jendarteak kultur egarri handien duen unean. Iazkoarekin alderatuta urrats bat aurrera egin du udalak aurtengo ekinaldian, pandemia aurreko egitarauetatik urrun badago ere, oraindik. Berritasuna: hiru agertoki izango dira aurten. Itsasargi nagusia, Lekuona Fabrika berrian kokatu dute; Kalekaia Miguel Irastorzan izango da; eta Herrixka Fanderia auzoko tenis pistan. Hiru eremuetan, hilaren 23tik 26ra bitartean, hemezortzi musika emanaldi, goi mailako kontzertuak guztiak, eta Itsasargiaren kasuan kolaborazio berritzaile eta bakarrak. Azken hori da Atlantikaldiaren bertuteetako bat eta bere izaeraren ezaugarri nagusietakoa: jaialdiaren barruan, beste inon ikusiko ez diren emanaldiak antolatzea berariaz jaialdirako jositako kolaborazioen bidez, kulturartekotasuna erdigunean jarrita.
Errenteriako kultur egutegian errotutako hitzordua dela jada Atlantikaldia esan du Aizpea Otaegi alkateak: “Atlantikaldiak badu nortasun bat, badu egiteko modu bat. Pandemia egoeran nortasun horren alderik indartsuena erakutsi behar izan dugu eta egoera baliatu dugu jaialdiaren arima herriko beste txoko batzuetara eramateko”. Aurten ere osasun publikoa babesteko neurri guztiak zorrotz hartuko dituztela gaineratu du”.
Iparrorratzak da leloa aurten, eta horren esanahia azaldu du Otaegik: “Atlantikaldiak, kulturen arteko elkarbizitza helburu izan du bere sorreratik, eta hori da jomuga. Ez dago norabide eta joera bakar bat, bidegurutzez betetako mundu aldakor batean gaude. Elkarbizitza hori gerta dadin bide eta aukera ezberdinak eskaini nahi ditugu jaialdiaren programazioarekin”. Otaegik errenteriar guztiak gonbidatu ditu lau eguneko jaialdiarekin gozatzera eta esker ona adierazi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari jaialdiarekin aurrera egiteko eskaini duen laguntzagatik.
Maite Gartzia Kultura zinegotziak hartu du hitza ondoren. Hiru agertokiez mintzatu da. Haien kokapenak eta aukeraketak abagune perfektoa eskainiko du Errenteriaren txoko ezberdinak zipriztintzeko musika eta kulturarekin jaialdian zehar. Espazio bakoitzak bere nortasun propioa izango duela esan du, gai ezberdinak jorratuko dituela eta hainbat publikori zuzenduta egongo dela.
Lekuona Fabrika, aipatu moduan, oholtza handia izango da aurten; kontzertu handien hartzaile, baita Atlantikaldiaren zigilu bilakatu diren itsas elkarrizketen agertokia ere: “Nazioarteko eta bertako artisten arteko kolaborazioak hartuko ditu”. Fanderiako tenis pista, berriz, Herrixka izango da, familientzako gunea, “dantza, musika, kirola, eskulanek… tartea izango dute bertan”. Miguel Irastorza futbito zelaia Kalekaia, arte urbanora bideratutako espazioa izango da. Musika kontzertuek, dantza tailerrek eta mural handi batek osatuko dute han ostiral eta larunbateko programazioa.
Oiartzun ibaiak ere izango du bere protagonismoa Atlantikaldiaren barruan, ezin zuen bestela izan: “Jaialdia egituratu izan du ibaiak, eta aurten ere, hainbat modalitatetan nabigatzeko aukera izango da: itsasontzi tradizionalak, bisita gidatuak, eta stand up paddle”.
Atlantikaldia posible egiteko lanean ari diren langile guztiei eskerrak eman dizkie azkenik Gartziak.
Egitaraua egunez egun
Musika letra larriz eskainiko du Atlantikaldiak aurten ere, ez da zalantzarik. Egitarauaren gainean, Iker Tolosa Atlantikaldiko zuzendariak hitz egin du. Musikari handiekin osatu dutela kartela eta artisten aukeraketan aniztasuna bilatu dutela azaldu du Tolosak. Lekuona Fabrikako oholtza hartuko duen lehen kontzertua Marokoko Oum taldea eta Alos Quartet-en arteko kolaborazioa izango da. Ondoren pasako dira Itsasargitik Sharon Shannon irlandarra Joseba Tapiarekin; Venezuela, Kolonbia, Brasil eta Estatu Batuetako lau emakumek osatzen duten Ladama taldearen emanaldia osatzera helduko da Olatz Salvador; Mali eta Frantziako Arat Kilo & Mamani Keita Madmuaselekin ariko dira; eta jatorri argentinarra eta kolonbiarra duen Che Sudaka taldea Zuriñe Hidalgorekin arituko da. Vigoko (Galizia) Musika Eskolako irakasleek eta Errenteriako Herri Arte Eskolakoek elkarlanean emanaldia eskainiko dute, eta Arima Soul taldea izango da Itsasargitik pasatzen azkena.
Miguel Irastorzako agertokian, Dupla, Ibil Bedi, DJ Martina, Chill Mafia, Antia Muiño, Blanquita Carraquela, DJ Flaca eta Gitano de Palo ariko dira, besteak beste. “Leku gutxitan aurki daiteke halako talentu kontzentrazioa”, esan du Tolosak.
Fanderiako gunean, azkenik, Ene Kantak, Albosax edo Mugan taldeen doinuak izango dira entzungai.
Ikuskizun guztiak doakoak dira, baina COVID-19aren testuinguruaren barruan ezinbestekoa da gonbidapenak aurrez hartzea aforo mugak direla eta. Gonbidapenak hilaren 17tik 22ra eskura daitezke Lekuona Fabrikan bertan, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:00etatik 14:30era. Jaialdiaren webgunearen bidez ere eskura daitezke online. Halaber, ikuskizun eta jarduera bakoitzeko gonbidapen kopuru bat gorde dute antolatzaileek, egunean bertan eskuratu ahal izateko ekintza garatuko den tokian hasi baino 30 minutu lehenago.
Puntu horretan deia egin du Tolosak “gonbidapenen erabilera arduratsua” egin dezaten herritarrek: “Aforoa mugatua den neurrian, garrantzitsua da aulkiak hutsik ez gelditzea, erabili gabeko gonbidapenik ez gelditzea. Sarrera doakoa den arren, jaialdia ez baita doan”.
Azken urteetako bideari jarraiki, jaialdiaren irudia elkarlanaren emaitza izan da aurten ere. Ane Pikaza bilbotarra eta Texasko Jaime Zuverza dira sorkuntza lanaren egileak.
Joseba Tapia, protagonistetako bat
Joseba Tapiak ere hartu du parte gaurko aurkezpen agerraldian. Musikaria taldearekin arituko da Atlantikaldiaren barruan Itsasargiko emanaldien arten Sharon Shannonekin batera, eta pozik dago, aukera izango duelako azken proiektua aurkezteko jaildiaren barruan, “ilusio handiarekin gatoz”. Shannonekin duela 25 urte aritzeko aukera izan zuela kontzertu batean azaldu du Tapiak: “Berriz ere antzeko aukera izango dugu, eta erronka izango da elkarrekin kolaborazioan aritzea. Abuztuan izan genuen lehenengo aurrez aurrekoa jaialdiaren harira, eta bideokonferentziaz aritu ginen gure indarguneak soinean –instrumentuak, alegia—”. Aurrerapen bat ere egin du Tapiak: “Emanaldian bi gonbidatu sorpresa izango ditugu, eta hor utziko dut. Emanaldi potentea izango da”.
Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak eskertu du Errenteriak kulturarekin erakutsi duen konpromisoa eta balioa eman dio hautu horri: “iparrorratza argi du Errenteriak, eta iaz ere hala izan zuen Atlantikaldia antolatu eta kulturaren aldeko apustua eginda. Kulturan aurrean eta nabarmenduta ari da udalerria”.
Azkenik, herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera, gozatzera, kultura eta kultur aniztasuna bizitzera. Hamaika aukera izango diren zalantzarik ez da aurtengo Atlantikaldiaren eskutik. Egitarau osoa, hemen kontsulta daiteke.