Talentu teknologikoa sustatzeko bi diru laguntza eman dituzte
Oarsoaldea Garapen Agentziak, aldundiak lagunduta, 7.000 eta 5.500 eurorekin finantzatu ditu Axier Uriberen (lehena) eta Pablo Alagon eta Gorka Arzanegiren (bigarrena) proiektuak.
Oarsoaldea Garapen Agentziak garatutako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako Talentua ereiten beka profesionalen baitan bi diru laguntza eman dituzte irabazleak kontratatzeko. 7.000 euroko zenbatekoa esleitu diote Axier Uriberen proiektuari, eta 5.500 eurokoa Pablo Alagon eta Gorka Arzanegirenari.
Laguntza ekonomiko horien bidez, parte hartzaileak profesionalki garatu ahal izan dira erronka teknologiko zehatz bati erantzuna emanez eskualdeko enpresa batean, eta horretan jarraitzeko aukera eskaini zaie irabazleei. Proiektuak talde mailako, proiektu mailako eta kudeaketa nahiz garapen mailako hautaketa-irizpideak kontuan hartuta epaitu dira.
Horiek oinarri, epaimahaikideek aho batez erabaki zuten honako diru laguntza hauek ematea:
- Lehena, 7.000 eurokoa, lan-kontratazioaren bidez proiektua garatzen jarraitzeko, Pegamo enpresaren Urrutiko orgen monitorizazioa eta prebentziozko mantentzea izeneko proiektuari, Axier Uribek garatutakoa.
- Bigarrena, 5.500 eurokoa, Kevo Technologies enpresaren Adimen artifizialeko laguntzaile birtual baten garapena izeneko proiektuari, lan-kontratazioaren bidez proiektua garatzen jarraitzeko. Proiektua Pablo Alagon eta Gorka Arzanegik garatu dute.
Epaimahaia David Muñoz, proiektuaren arduradun eta Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziako teknikariak, eta Kattalin Calvillo eta Marina Etxeberria, Ieteam Consultores, S.L.-ko aholkulariek osatu dute.