[Elkarrizketa] "Bere ondorio praktikoak izan ditu gaztaroaren apologiak”
Zahartzarora ahaldunduta iristearen garrantzia nabarmendu du Irati Mogollon soziologo eta ikerlari lezoarrak, «norberak erabakiak har ditzan». Etxebizitza kolaboratiboen gainean hausnartu du.
Zahartzarorako estrategiak ikertzen ari zara lanean Matia Fundazioan. Arquitecturas del cuidado hacia un enevejecimiento activista (Zaintzaren arkitekturak. Zahartzaro aktibista baterantz) Ana Fernandez Cubero urbanistarekin batera idatzitako liburuan, zahartzarora ahaldunduta heltzeko gakoak eman dituzue. Zeintzuk dira?
Lehenik eta behin, nabarmendu beharra dago, gure jendartean asko baloratzen dela gaztaroa, gazteak dira altxorra, etorkizuna, eta gaztaroaren apologia horrek bere ondorio praktikoak izan ditu. Ondorio horietako bat da, gaztaroaren narratibatik at dagoen errealitate oro ukatzea. Baina bizitza ez da hain lineala, hamaika narratiba daude, eta horien artean dago bizitzaren ziklo jakin bat, kasu honetan, zahartzaroa. Gaztaroaren erretorika edo hiperbalorizazio horrekin heldu gara bi egoeretara: gaztetxoak direnak oraindik esaten ‘ni handia naiz’ eta zaharrak esaten ‘ni oraindik gaztea naiz’. Horrek erakusten du gizartea bizitza zikloa anitza bada ere, denak gaudela begira denbora tarte jakin bati, eta denbora tarte jakin hori aldarrikatzen. Denbora tarte horretatik kanpo mugitzen den oro tragedia moduan bizi dugu.
Egin behar dugun lehenengo gauza da bizitzako ziklo guztiak era positibo eta aberasgarri gisa ulertzea. Narratiba bakar horri eusteko hainbat sinismen eraiki dira: adin horrekin ezin duzu hori egin, zertan ari zara ile hori edo arropa hori janzten adin horrekin… Badugu tabu handi bat, oskola handi bat, gauzek adina duten sentsazioa sortzen duena. Horren desmitifikazioa egin beharko genuke.
Bigarrena, ispilu aurrean jartzea litzateke gure beldurrak aztertzeko. Batzuetan fisikoa izan daiteke beldur hori, emakume batzuk zimurren beldur dira, adibidez, edo askatasunaren edo aisialdiarekin lotuta egon, besteetan. Zerk beldurtzen nauen aztertzen hasi behar da, horretaz hitz egin intimoki lehenik, eta gero lagunekin kafea hartzen ari zaren bitartean.
Hirugarren gakoa: 20-30 urte ditugu muturren parean eta horiekiko ere espektatibak behar ditugu. Zerk ilusionatzen gaitu? Eta ez jubilazio klabean oporretan izango zarela pentsatuz, egoera horrek urtebete iraun dezakeelako gehienez, gero antsietatea, nora jo ez jakitea, jendearen gainean etengabean egotea… dakar. Bizi proiektu batzuk izan behar dira, edo bat, eta ezin dute aurrekoekiko errepikakorrak izan; hau da, ezin duzu familian bolkatzen jarraitu, lehen semeekin eta orain bilobekin. Muinean dagona zera da, zer nahi dut nire bizitzan, zer gauza biziko ditut?
Hortik abiatuta, beldurrak parean izanda, eta bizi proiektua kontuan izanda, orduan hasten dira estrategia propioak. Horietara iristeko zer egin behar dut? Oso dinamika garrantzitsuak daude, hitz egin behar delako diruaz, zaintza ereduaz. Klase ertain baxuko jendeak ez ditu estrategia ekonomikoak normalean eta analfabetismo ekonomiko handia du. Helburu bakarra ekonomiari dagokionean ezin du izan jubilatzen naizenean hemen dudan diru guztia nire seme alabentzat izango dela pentsatzea, logika horrek oso dinamika arriskutsua planteatzen duelako. Agentzia behar da, ez da itxaron behar gauzak iritsi arte. Pentsa dezagun estrategietan indibidualki eta kolektiboki.
Eta hausnarketa hori hasteko marra gorria ezarri duzu, 55 urte. Zergatik?
Sinbolikoki adin horrek duen kokapenagatik. Suposatzen da adin horrekin egonkortuta gaudela, egonkor gaudela lanean, seme-alabak adin independientean daudela, herri batean finkatuta gaudela… agertoki egokia izan daiteke, oraindik heldu ez diren baina inguruan ikusten ari garen aldaketa batzuen gainean hausnartzen hasteko. 55 urte ingururekin hasiko gara gurasoak zaintzen, eta horrek ere balioko digu ispilu lanak egiteko, ikusteko nola bizitzen ari diren beraiek, nola bizitzen ari naizen ni. Euskal Herrian kalkulatzen da oraintxe bertan 45 eta 65 urte artean zaintza zamaren %55,9 kokatzen dela, eta hori asko da. Noski lan hori gainera, emakumeengan gelditzen da nagusiki. Adin hori, beraz, talaia modukoa da. Oraindik lasaitasunez hausnartu eta erabakiak har ditzakegu.
Zahartzaroan ahalduntzeko tailerrak ematen ari zara. Zenbateraino gaude prestatuta zahartzarorako?
Zahartzaroaz hitz egin izan denean beti politikoki izan da, eta hori arazo bat da. Gauza bat da gauzak politizatzea, horretaz eztabaidatzea eta abar, eta beste bat, politikoki lantzea. Politikoki lantzean, gehienbat, gure tradizio politikoengatik pentsatzen dugu aldarrikapen logiketan kokatzen diren gauzetan. Zer gertatzen da? Halako eztabaidetan, zahar ahalduntzeaz eta horrelako kontzientziazio eztabaidek tabu askoz hitz egitea dakar, hitz egin nahi ez diren kontuak mahai gainean jartzea: nola jarriko dizkiot mugak nire familiari, nire seme-alabei, eta nola ikasiko dut ezetz esaten? Oso espazio intimoak eraiki behar dira errefuxatzerik gabe, enpatia egon dadin eta jendeak bere artean harreman berriak eraikitzeko. Oso politizatuta dagoen jendea eta tradizio politiko batetik datorrena espazio horietara heltzen denean guztiz galdu egiten da, beharrak eta ideologiak batzuetan ez datozelako bat. Askotan errazagoa da politizatua ez dagoen jendearekin honetaz hitz egitea super politizatua dagoen jendearekin baino. Hau oso oinarrizkoa da, zerk beldurtzen zaituen zu, zeintzuk diren zure sareak, lagunartean hitz egin dezakezun hausnartzea da.
Bestalde, honetaz hitz egiteko denbora behar da, zahartzaroaz aritzeko, eta hori askotan ez da ulertzen. Kolektiboki ezagutzen ez den talde batean konfiantza garatzeko eta gero beraien artean gelditu eta gaiaren gainean hausnartzen jarraitzeko denbora behar da. Ezin da hiru saiotan edo bi tailerretan hori lortu.
Bazterkeria jasaten dute adinekoek, karga gisa ikusten ditu gizarteak. Une honetan, baina, jubilatu eta pentsiodunen mugimendua kaleak astintzen ari da bere eskubideen alde, eta agenda politiko, sozial eta ekonomikoan euren tokia aldarrikatzen ari dira. Zerbait aldatzen ari da?
Adineko Pertsonekin Euskal Estrategia abiatuko dute orain, eta AEB Euskadiko Adinekoen Batzordea ere sortu dute berriki. Horrek erakusten duena da gobernantza eta koogobernantzatik gauzak egiten ari direla. Lagunkoiak proiektuaren barruan ere dinamikak sortzen ari dira. Gure herri honetan, baina, beti gertatzen den moduan, batek antolatzen badu zerbait, besteak ez datoz; gure errealitatea hori izanik, batzuetan tren garrantzitsuak galdu ditugun ustea dut. Ezin da ukatu ere, errealitate bat delako, nola sortu den Euskadiko Adinekoen Batzordea, zein alderdik parte hartu duten, eta besteak nola sentitu diren. Garrantzitsuena dena edozein kasutan, adinekoen batzorde, jubilatu talde eta elkarteak eraldatzen ari direla da, horrek potentzialitate izugarria dauka. Adinekoen zentro sozialak, hala deitzen zaie gaur egun jubilatuen elkarteei, ez dira ari hainbeste aisialdiari begira, birplanteatzen ari dira, eta horren harira badago estrategia handi bat datozen hiru urteetarako, lanketa sakona egiteko asmoa dago beraz, ateak zabaltzeko. Egia da pertsona helduen mugimendu sozialei dagokienean nahiko zaila izango dela, edo saiatu beharko garela gauza dikotomikoetatik aldentzen; zaila ziango da.
Bestalde, ditugun baliabideak zaharkituta gelditu direla errealitate bat da. Ez dakit gaur egun 65-67 urte arteko zenbat jende joaten ote den jubilatu etxeetara. Berdin gertatzen ari da, hainbat kultur elkarteekin, Andaluziako Etxeak eta halakoekin. Jende heldu gazte gehiena bestelako elkarteetara joaten da, mendi taldeetara, adibidez. Alde horretatik, diseminazioa ematen ari da, zartadura ematen ari da haien artean.
Hala ere, zalantzarik ez dut agertoki berriak eraikitzeko aukerak badirela, jendea beste termino batzuetan harremantzeko elkarrekin. Mugimendu sozialei dagokienean sedimentazio handia dago. Aldaketa ematen ari da, alde handia dago, eta eraldaketarako aukera ikusten da. Aurretik esandako guztiarengatik motxila handia daramagula uste dut, askotan ez diogu elkarri entzuten, eta hori arazo bat da. Elkar ezagutzen dugu eta badakigu zein bide egin dugun bakoitzak, horrek pisu handia du. Adibidez, emakume bat etxeko andrea izan da bizitza osoan, eta horretaz eztabaidatu nahi du, zergatik ixten zaizkio ateak ez dakit noren bikote izan delako? Euskal Herriak badu zama hori, eta batzuetan gainditzea zaila izaten da. Kostatuko da, baina egingo da.
Pandemiak agerian utzi du egungo zaintza ereduaren porrota. Adinekoen erresidentzietan gertatutakoa muturrekoa izan da. Bada alternatibarik? eta hala bada, zein dira gakoak aldaketarako?
Errealitatea da pertsonak egoitza horietara heltzen direla jada beste aukerarik ez dagoenean; zahartzaroaren zahartzaroaz hitz egiten da zientifikoki. Gero eta urte gehiago bizi gara, kalitate handiagoarekin, baina 85-90 urtera heltzen gara menpekotasun handiagoarekin, eta hori bere horretan, erresidentzia geriatrikoen funtzioa eraldatzen ari da; horrek oztopo bat sortzen du erdibidekoetan. Arazoa da, zergatik heltzen garen erresidentzietara hain gaizki, eta zer egin daitekeen tartean erdibideko zerbitzuak sortzeko. Zaintza ezin da homogeinizatu; hau da, zerbitzuek anitzak izan behar dute, zahartzeko erak, eta ez hori bakarrik, aniztasun funtzionalak ere, hamaika direlako. Baina hemen, gure herrian, baloratzeko sistema bat dago, eta horren arabera lehenengo, bigarren edo hirugarren mailako menpekotasuna aitortzen dizute, sailkatu egiten gaituzte. Sistema horrek, menpekotasuna begiratzen du, baino ez du begiratzen zein behar dituzun. Alderantziz egingo bagenu, hau da, zein behar dituen pertsona bakoitzak, zeion sare dituen, zein den bere historia, zein baliabide dituen, eta horren arbera nola kokatu daitekeen, beharrak ikusiko bagenitu finean, mistoak diren baliabide edo aukerak eskaini ahalko genituzke. Hau da agian, pertsona bati eskain dakioke asistente pertsonal bat, ez da etxeko langile bat, bere funtzioak betetzen lagunduko diona, eta gainera, erabakitzeko ahalmena adinekoari emango diona, eta eguneko zentrora ordu batzuetan bideratu, adibidez. Beste batek asistente pertsonalarekin eta seme-alabekin moldatzea izango du…
Ez dira ordea mistoak diren baliabideak planteatzen inondik inora ere, eta ondorioz, erresidentzia geriatrikoetan elkartzen dituzte alzheimer gradu aurreratua eta jarrera oldarkorra duen pertsona bat eta senideak urrun dituelako gurpildun aulkian dagoen adinekoa eta laguntza behar duena.
Erresidentziak orain arte epe laburrekoak ziren, bizpahiru urterako; orain ordea, hamabost edota hogei urterako dira. Tarteko behar guztiak ez dira lantzen, formazio falta dago, kapazitazio falta dago, baliabide ekonomiko falta dago… Ikutu gabeko zakua da eta COVID-19aren pandemian azaldu da dena. Haurren zaintzarekin gauza bera gertatu da nolabait. Ordura arte, aiton-amonek egin dute zaintza kasu asko-askotan. COVID -19ak agerian utzi duena da ez zegoela beste alternatibarik, erdibidekorik, sistema mistorik. Oso eredu sinplistekin gelditu gara.
Zein beste erdu sortu daitezkeen tartean aztertu behar da beraz lehenik eta behin erresidentzia geriatrikoetara ez heltzeko, zaintza beste modu batera antolatzeko. Eta gero, noski, erresidentzia geriatrikoetan eredu aldaketa egin behar da, askoz ere kualifikazio handiagoa izan behar dute eta gainera, jarraipen handiagoa egin beharko luke administrazio publikoak.
Etxebizitza kolaboratiboak aukera bat dira. Zer dira eta zein onura du adinekoengan antolaketa eredu horrek?
1960. hamarkadan mugimendu hippyan dute oinarria. Mugimendu horretan ibili zen jendea sisteman sartu zen gero, ongizate estatuan, eta erretirora heltzerakoan ohartu ziren erresidentzietan amaitzea zela irtenbide bakarra. Ez zitzaien nahikoa iruditu, eta bizi proiektu propioak nahi zituztela zahartzaroan ere erabaki zuten. Bizi proiektuak sortzeko garaian kolektiboa aldarrikatzen dute, askoz ere estimulu gehiago izaten direlako, ilusio handiagoa, bikotetik eta familiatik harago doazen harremanak eraikitzeko aukera ematen duelako. Konturatu ziren ere, komunitatearen eredu tradizionala nahikoa hertsia zela, ‘Hasi behar dugu elkarrekin bizitzen 24 orduz, dena kolektibizatu behar dugu? Herri txikia infernu handia bilakatzearen arriskuaren jakitun intimitate esparru bat izatea erabaki zuten, eta gero atal kolektiboak sortzea eraikin berean. 80 metro koadroko etxea izan baino, 45 metro koadrokoa egokiagoa iruditu zitzaien eta soberan zeuden metro koadroak kolektiboari, komunitateari eskaintzea, espazio komunak sortzeko.
Askotan zaintzaz hitz egiten dugunean, zaintzaileek egiten duten gauza bakarra da pertsona horrekin egon, bazkaria egiten lagundu… behar dena artatua egotea da, edo erortzen bada jasotzeko pertsona bat izatea, eta elkarrizketa ematea. Pertsona batek profesionalki eman beharrean, agian inguruneak eman dezake.
Etxebizitza kolaboratiboetan etxe txikiak planteatzen dituzte, gela bakarra, sukaldea, komuna eta balkoi batekin; bertan bizitza intimoa egiten dute, eta hortik kanpo pasillo zabalak dituzte, topaketarako espazioak elkartrukea bilatzen dutenak. Kristalera handiak, kafea hartzeko espazioak, sukalde komunitarioa, erremintak konpontzeko espazioak, errehabilitaziorako gunea…bizitza sostengatzeko eta bizitzari zentzua emateko baliabide asko. Antolatzen diren ekintzetara joaten ez zaude derrigortua, baina bai prestaketetarako eta funtzionamendurako lantaldeetan parte hartzen. Horrek denak bizitzan aktibo egoten laguntzen du. Zahartzen joaten garen neurrian ahaztu egiten zaigu, gosea desagertzen zaigu, baita egarria ere, poliki-poliki itzaltzen goaz ez baditugu estimuluak. Gizarte zerbitzuetan lan egiten duen jendeak etxeetara joaten denean aurkitzen ditu adinekoak nutrizio arazoekin, estimulurik gabe… ez da hori konpontzen bost minutuko dei batekin, hori txekeo bat da, ez da bizitzan aktibo egotea.
Horrekin guztiarekin pentsatuta eraikitzen diren komunitateak dira etxebizitza kolaboratiboak.
Euskal Herrian halakorik ez da. Egingarriak dira, motibazioa eta gogoa ikusten duzu bide horretan Oarsoaldean?
Aukerak ikusten ditut. Zoritxarrez publikoaren exkaxia dagoenez, baliabide lehia dago beti, gazte zahar, atzerritar bertako… lehia beti izaten da parametro horietan, eta baliabide lehiak bere tirabirak ekartzen ditu beti. Bestalde, ez da ahaztu behar, etxebizitza kolaboratiboek izaera juridikoa skotarikoak izan ditzaketela, izan daitezke publikoak, pribatuak, diru laguntza bidezkoak…
Etxebizitza kolaboratiboak bizitza proiektua direla hartu behar da aintzat, eta hala diren heinean, kostu bat daukate, ez bakarrik ekonomikoki, baita ahalegin kolektibo aldetik ere. Etxebizitza kolaboratiboen proiektua gauzatu aurretik, adibidez, batzar ugari dira beharrezkoak, gauzak aurretik lotu behar direlako, adostu behar direlako, aurrez egunerokotasunaren gaineko erabakiak hartu behar dira, proiektua sendotzeko.
Europa Iparraldean dauden proiektuetan sartzeko aurretik urtebeteko prozesua osatu beharra dago, batzarretara, eztabaidetara joanez eta jarduerak eginez. Etxebizitza kolaboratiboa ez da sartzen naizenean gertatzen dena, sartu aurretik ditudan eztabaida prozesuak baizik. Hori kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Prozesua egiteaz gain, etxea ere saldu behar duzu. Hor beste koska bat, askok diotelako etxebizitza seme-alabentzat dela eta ez luke horrela behar, zure etxea, zure etorkizuneko ongi izaterako baliabidea behar du, zure seme-alabei eman diezu eman beharrekoa, maitasuna, segurtasuna, zoriontasuna.
Lezon espazio publikoaren gaineko gogoeta egiteko saioak gidatu zenituen EH Bilduren eskutik pasa den apirilean. Bartzelonako Unibertsitateko Goi Mailako Arkitekturako hiru ikasle izan ziren saioak dinamizatzen: Julia Duran, Carmen Chacon eta Roser Roca. Zertan da proiektua eta zein ondorio atera ziren?
Lezoko herriak ikaragarrizko erantzuna eman zuen eta hori Kataluniako ikasleek egindako lanagatik izan zen. Garrantzitsua da halako markoak sortzea, jendeak pentsatzen genuena baino atxikimendu eta hitz egiteko gogo handiagoa erakutsi zuelako. Ondorioak, 60 orriko txosten batean bildu dira. Kontua da, hor bildutako hori aurrera eramateko, ezinbestekoa dela administrazio publikoaren parte hartzea, kaleen peatonalizazioaz hitz egin zelako, besteak beste, Oreretan bere garaian hartu zen erabaki estrategikoaren ildotik. Lan handia izan da EH Bildu eta urbanistei esker. Ondorio nagusiak Saldise Plazak duen potentzialitateari jarraipena ematea, eta oso arriskutsuak diren eta Lezo hirutan banatzen duten bi errepideetan eragin beharra izan ziren Lezoren batasuna lortzeko. Lanean jarraitzeko asmoa dago.
Oarsoaldea nola ikusten duzu?
Lau errealitate oso ezberdin dira. Ezagutza txikia duen proiektu garrantzitsua egiten ari dira Pasaian, Herrilab. Zaintzari eta etxeko zaintzari dagokionean beste aukera batzuk planteatzen ari da. Bertan Donibane dugu, hazteko zailtasunak dituena, eta irisgarritasun arazo larria. Gainera herri turistifikatua izateagatik beste erronka batzuk ere baditu. Oiartzun dispertsioaren eredua da, eta hamaika erronka jartzen ditu mahai gainean zahartzaroari begira. Oreretan zahartzaroari begira zonalde arriskutsuenetako bat Beraun da, eta horren antzeko auzoak. Gehienak bigarren belaunaldiko euskal herritarrak dira eta horrek sustraiak ezartzeko garaian erronka berriak suposatu dizkie. Bertan bakardadearen gaineko ikerketa egin zuen Matia fundazioak iaz, eta oso potentea izan da edukiei eta proposamenei dagokienean. Lezo, berriz, oso gaztea da demografikoki, beste batzuk baino, erronka urbanistikoak ditu udalerriak.
Adinkeria, adinekoen aurkako arrazakeria badago? Aurreiritzi asko dago ezta?
15 eta 24 urte artean zaintzen dutenen kopurua %2koa da; 25-34 urte artekoetan %4.1: 35-44 artean %9,5; 45-64 artean %55,1 eta 65-75 artean %28,3. Oso gizarte dispertsoan bizi garela adierazten du horrek, ez garela batere interjenerazionalak, gero eta gutxiago gainera, eta 45-65 urte arteko pertsona bati dagokiola. Ez diogu zaintzari inongo arretarik ematen eta gainera, ez gara gure artean harremanduko 45 urtera iritsi arte. Oso gaizki goaz.
Adinkeria sustatzen duten ezaugarri asko ditugu, eta ez da bakarrik hiriak ez dituelako harreman sozialak sustatzen, gure lanak urrunago kokatzen direlako, belaunaldiartekotasunik gabe adinkeria erreproduzitzen jarraituko dugu. Orain gainera badago positibismoz jantzitako adinkeria mota bat: ‘Adinaren eragin kaltegarriak ezabatu’ diote zimurrengatik edo eskiatzen ari diren bi pertsona helduren irudia zabaltzen dute… berriz ere gaztaroa sustatzen. Arrazakeriarekin gertatzen den gauza bera gertatzen da hemen ere, harekin amaitzeko lehenengo gauza jendea harremanetan jartzea da, eta harremantzea benetan egitea, ez paternalismotik. Zergatik egin behar da antzerkia adinka bereizita edo bestelako kultur eskaintzak eta ez nahastuta? Hor badu eskaintza publikoak lan bat egiteko.
Adinkeria, bazterkeria sozialaren beste erpin gehiago da, lantzen hasi beharko gara, eta horretarako ez da mundua berrasmatu beharrik; harremanak beste norabidean egiten saiatu behar gara.