Gobernu taldearen "alternatiba" izateko "lanean" jarraituko duela esan du PSE-EEk
Ikasturteari hasiera emateko agerraldia egin du gaur PSE-EEk. Isaac Palencia bozeramaileak datozen hilabeteetarako ezarrita dituzten lanen berri eman du agerraldian, baita egiten ari diren lana jakinarazi ere.
Ikasturteari hasiera emateko agerraldia egin du gaur PSE-EEk. Isaac Palencia bozeramaileak datozen hilabeteetarako ezarrita dituzten lanen berri eman du agerraldian, baita egiten ari diren lana jakinarazi ere. Bi erronka nagusi direla epe laburrean herriarentzat ezinbesteko zehaztu du sozialisten ordezkariak: Ordenantza fiskalak eta aurrekontuak. “Bietan azken urteetako bidetik jarraituko dugu, pandemiaren ondorioz okerren dauden herritarrekin eta ehun ekonomikoarekin pentsatuta proposamenak aurkezten segituko dugu, errenteriarren bizitza hobetuko duten proiektuak aurrera ateratzeko, babes soziala sustatu eta aldaketa klimatikoaren kontrako borrokan jarduteko”.
Aurrerapen bat ere egin du Palenciak: “Ordenantza fiskaletan, udal tasa eta zergen izoztea proposatuko dugu, Irun, Eibar eta Arrasate egiten ari diren bezala”. EH Bildu eta Podemosen “alternatiba” izateko “lanean” jarraituko dutela esan du, eta horren harira, egungo gobernu taldea osatzen duten koalizio subiranista eta hautesle elkargoari “herritarrei bizkarra emanda” aritzea egotzi die, “beharrezkoa da udal politikek herritarren behar errealetan jartzea fokua. Eusko Jaurlaritzak degradatutako zonaldea izendatua du gurea, EAEko langabezia tasatik gora gaude, eta behar sozial ugari badago ere, udalak ez ditu ia aipatzen kontu horiek guztiak”. Bi adibide jarri ditu ondoren Palenciak, “gure taldeari esker pobrezia energetikoa eta bakardadea hirugarren adinean aztertu dira egindako bi diagnostikori esker. Bi urte geroago, bi arazo hauei aurre egiteko udalak ez du neurririk hartu. Ez du balio diagnostikoa egitea ez badago ekintza plan bat ondoren”.
Hirigintzaz ere mintzatu da. Zaku horretan sartu ditu PSE-EEkoak topoaren lurperatzea, kiroldegiaren handitzea, Beraungo Biblioteka, Barandiaran Parkea, Ondartxoko eremu degradatua, Gaztañoko igogailua, “EH Bilduk bete gabe dituen konpromisoak dira denak”. Lekuinaren gainean ere mintzatu da Palencia, “100 egun baino gehiago pasa dira ateak zabaldu zituenetik; gure proposamenari esker bi asteburutan zabaltzea lortu da. Lanean jarraituko dugu proiektu garrantzitsu horri anbizioa emateko”.
Azkenik herritarren emandako konfiantza eskertu du: “Hamar hilabete dira PSE-EEren bozeramaile kargua hartu nuenetik eta herritarren esanetara jarri nintzenetik. Asko dira gerturatu direnak, edo sare sozialen bidez harremanetan jarrai direnak, kezkak, kexak eta eskaerak helarazteko. Eskerrak eman nahi dizkiet beren konfiantza, eta lanean jarraitzera animatu nahi ditut Errenteria hobeagoa lortzeko”.