Irakurketa Taldean, aurten ere bai, dibertituko dira
Manuel Lekuona bibliotekak antolatzen duen Irakurketa Taldeak badaki zein liburu irakurriko dituzten. Parte hartu nahi duenak, liburutegitik pasatu beharko du.
Beste ikasturte batez, Oiartzungo Irakurketa Taldea hileko hirugarren astearteetan elkartuko da, lehenagotik irakurri duten liburua komentatzeko. Datorren astean bertan egingo dute lehenengo saioa.
Sekula gehiago egingo ez dudan gauza dibertigarri bat (David Foster Wallacena, Danele Sarriugartek itzulita) izango da ikasturte honetako lehenengoa —bibliotekako beheko solairuan, 20:00etan—. Goiatz Labandibarrek dinamizatuko ditu saioak; zerrenda prest dute.
Liburu horretan, Wallacek kontatu zuen Karibe itsasoan egin zuen kruzero bat, ustez dibertigarri izan behar zuena. Turismoaren ustiaketa mota hori kritikatzen du, saiakera eta ez-fikziozko kontakizunekin. Helburua hainbat literatur modalitate ezagutzea da.
Taldean parte hartu nahi dutenek Manuel Lekuona bibliotekatik pasatu beharko dute (haiek antolatzen dute taldea).
Egutegia
- Irailak 21: Sekula gehiago egingo ez dudan gauza dibertigarri bat (David Foster Wallace. Itzultzailea: Danele Sarriugarte).
- Urriak 19: Pasio hutsa (Annie Ernaux. Itzultzailea: Joseba Urteaga).
- Azaroak 16: Ene herri txikia (Gael Faye. Itzultzailea: Irati Bereau).
- Abenduak 14: Sugarren mende (Asisko Urmeneta).
- Urtarrilak 18: Argiantza (Pello Lizarralde).
- Otsailak 22: Mari-mutil handi baten bluesa (Leslie Feinberg. Itzultzailea: Fermin Zabaltza).
- Martxoak 22: Intimitatea (Hanif Kureishi. Itzultzailea: Harkaitz Cano).
- Apirilak 19: Sotoan gordeak (Miren Gorrotxategi).
- Maiatzak 17: Lilurabera (Yurre Ugarte).
- Ekainak 21: Argiaren barne-distantzia (Imanol Irigoien).