Garraiobide iraunkorraren aldeko deia egin du udalak
Hiri arteko autobusen eta Euskotrenen erabiltzaile diren herritarren artean, 50 bonu zozkatuko ditu udalak Mugikortasun Iraunkorraren Astearen barruan.
Hirian ibilgailu pribatua modu irrazionalean erabiltzeak osasun publikoarentzat eta ingurumenarentzat dituen ondorio kaltegarriak mahai gainean jarri eta garraiobide iraunkorragoak erabiltzearen aldeko deia egin du udalak gaur. Jose Manuel Ferradas Ingurumen Zinegotziak eta Bernar Lemos Trafiko eta Garraioen zinegotziak Mugikortasun Iraunkorraren Astearen bat eginez, udalak antolatu dituen ekintzak jakinarazteko agerraldia egin dute gaur goizean, eta bertan luzatu diete deia herritarrei, gaiarekin sentsibilizatu eta garraio publikoa, bizikleta edota oinezko joan etorriak erabil ditzaten eskatzeko.
Astea, bihartik hilaren 22ra bitartean egingo dute, eta lau ekintza antolatu ditu udalak horren barruan: Garraio publikoko bonuen zozketa, ostiral honetan izango den bigarren eskuko bizikleten merkatua, material ziklista birziklatzeko jokoak eta tailerrak, eta Oiartzun ibarraren arroko Iurrita eta Fanderia irin-errotak bisitatzeko bizikleta ibilaldia.
Zozketari dagokionean, 20 euroko 50 bonu zozkatuko ditu udalak GGLA Gipuzkoako Garraio Lurralde Agintaritzarekin elkarlanean Hiri autobusaren eta Euskotrenen erabiltzaileen artean, 25 bonu bakoitzerako. Astearen barruan bi garraiobide horiek gehien erabiltzen dituztenen artean izango da zozketa azaldu dutenez, “hilaren 16a eta 26aren arten gehien erabiltzen dutenen artean zozkatuko dira”.
Bizikleten urteroko merkatuak ere ez du hutsik egingo. Zumardian izango da 16:30etik 20:00etara. Bizikleta merkatuarekin batera ingurumenaren gaineko beste bi sentsibilizazio jarduera egingo dituzte: bizikleta pieza birziklatuekin egindako kaleko jokoak eta material ziklista birziklatzeko tailerra.
Azken ekintza, Oiartzun ibaia jarraituta bizikletaz martxa egin eta Iurrita eta Fanderiako irin errotak bisitatzeko antolatu dutena da. Hilaren 19an izango da. Parte hartzaileek erroten historia ezagutzeko aukera izango dute eta artoa nola ehotzen den ere. Fanderiako ibaiaren interpretazio zentrotik abiatuko dira eta aurrez izena eman behar da, 15 pertsonakoa baita plaza muga. Interesdunek, posta elektronikora idatzi edo 690 720 264 telefono zenbakira deitu behar dute.