Etxeko konposta sustatzeko kanpaina hainbat auzotan
Agustinak auzoan atzo egin zuten eta gaur eta bihar, berriz, Erdigunean eta Alabergan izango dira teknikariak, hurrenez hurren.
Etxeko hondakin organikoak konpostatzera animatzeko informazio kanpaina egiten ari da udala egun hauetan. Atzo Agustinak auzoan izan ziren teknikariak, eta gaur eta bihar, berriz, Erdigunean, Foru Plazan, eta Alabergan igogailu parean izango dira hurrenez hurren. Konpostatzera animatzeaz gain, konposta nola egiten den, nola erabili daitekeen ondoren, eta zein tresna behar diren azalduko diete teknikariek bertaratzen diren herritarrei, beste hamaika zalantzekin batera.
Informazio mahaiak 17:00etatik 19:00etara jarriko dituzte gaur Erdigunean, eta bihar Alabergan, eta bi teknikari arituko dira azalpenak ematen.
Hondakin organikoak kudeatzeko hiru aukera dituzte herritarrek: edukiontzi marroia erabiltzea, etxeko konposta egitea, edo auzo konposta gunea erabiltzea.
Modalitate bakoitzak gainera, hobaria du: Etxeko eta auzo konpostak %35ekoa eta edukiontzi marroiak %27koa.