Allerruren lau taldek asteburuan hasiko dituzte ligak
Gizonen Ohorezko Erregionala izango da Plazetako zelaia zapaltzen lehena; emakumeen Gorengo Mailakoek Donostian jokatuko dute igandean.
Bukatu dira oporrak, eta sasoi aurreko entrenamendu latzak. Asteburuan hasiko dituzte Allerruren lau taldek eurei dagozkien ligak. Plazetak biren norgehiagokak jasoko ditu, eta beste biek kanpoan (ez oso urruti) jokatuko dute. Osasun segurtasun agintarien azken erabakien arabera, publikoa sar daiteke Plazetara: kirolguneetan publikoaren aforo muga %60koa da.
Gizonen Ohorezko Erregional Mailako taldea izango da Plazetako belar artifiziala zapaltzen lehena. Larunbateko (hilak 18) 16:00etan jasoko dute Ordiziaren bisita. Larunbatean bertan, baina 18:15ean, Gazteen Lehen Mailako taldearen txanda izango da Dunboaren kontra jokatzeko.
Emakumeen talde nagusiari igandean (hilak 19) ezarri diote partida, 12:00etan, Intxaurdiren zelaian (Donostiako Cesar Beniton). Kanpoan ariko den beste taldea mutilen kadeteena da: larunbatean, 13:00etan, Oiartzunen zelaian.