"Bizi osoko" kartzela zigorren kontra mobilizatuko dira bihar
Sarek elkarretaratzea antolatu du bihar eguerdirako. Arrasateko martxa bertan behera utzita, herri guztietako plazetara hedatu da deialdia.
Sarek martxa deitua zuen biharko, Arrasaten. “Bizi osoko” kartzela zigorren kontrakoa zen, herri horretako 31 elkartek parte hartuko zuten.
Hala ere, kalapita mediatikoa sortu da azken egunetan, eta Voxek kontramanifestazio bat ere antolatuta zuen. Horren harira, Sarek gaur bertan jakinarazi duenez, Arrasateko martxa hori bertan behera utzi du. Hala ere, aldarriak bere horretan jarraituko du, eta Deba Goienatik Euskal Herri osora zabalduko da.
Oiartzunen elkarretaratzea antolatu dute bihar eguerdirako, Bizitza osorako zigorrik ez! lelopean. Done Eztebe plazan izango da, 12:00etan.
Sarek gogorarazi duenez, hamabost dira 40 urteko espetxe zigorrak dituzten presoak. Euskal presoentzako “propio” sortutako 7/2003 legea bertan behera uzteko eskatu dute. Gainera, Arrasateko mobilizazioaren kriminalizatzea eta lanean aritu diren pertsonek jasotako presioa salatu dituzte.