«Konfort-zona atzean utzita proposamen berriak egiten saiatzen gara»
Urtebetez banda osoak elkarrekin jotzeko aukerarik ez du izan. Bihar osorik arituko da, Lekuona Fabrikan lehenengoz, Donostiako Txistularien Udal Taldearekin batera 20:00etan hasita eskainiko duen kontzertuan.
Urtebete da banda osoa elkarrekin ez dela aritu kontzertu batean. Bihar aukera izango duzue.
Pandemiaren ondorioz orain arte hilabete asko geldirik egotea tokatu zaigu. Herriarekin dugun konpromisoa ez dugu alde batera utzi, ostera. Imajinazioa bota behar izan diogun arren, oso gustura izan gara proposamen berriekin. Esan daiteke aukera polita, interesgarria eta aberasgarria izan dela gure elkartearentzat beste motatako kontzertuak prestatu behar izatea.
2020ko irailean bueltatu ginen kaleetara baina banda bitan zatitu behar izan genuen. 60 pertsonako taldea handiegia zen. Ezin genuen segurtasuna zorrotz bermatu, eta erdira murriztea erabaki genuen. Baldintza horietan bi hilabetez izan ginen lanean, eta hiru kontzertu egin genituen.
Azaroan, pandemiaren zenbakiak gorantz hasi ziren, eta bandako kideen artean deserosotasuna nabaria zen. Orduan gobernuak entseguak egitea debekatu aurretik guk aktibitatea moztea erabaki genuen. Uztailean hasi ginen berriz ere lanean, banda zatituta, eta horrela egin ahal izan genituen Lekuonan Xanti eta Maialenekin batera aktuazio xumeak eta San Inazioko urteroko kontzertua.
Abuztuan oporrak egin ondoren irailean gogo handiz itzuli gara. Merkatuzarren hasi ditugu entseguak. Niessenen genuen lokala txiki geratu zaigu eta udalak lagunduta Merkatuzarren leku aproposa aurkitu dugu segurtasun osoz aritzeko. Oso kontent gaude, berriz ere normaltasun batera bueltatzeko aukera izaten ari baikara.
Zein eragin izaten ari da pandemia musika bandengan?
Arazorik handiena lokalena da, tamainagatik eta baldintzengatik. Banda batean ia denak haizezko instrumentuak dira, eta beraz, musukoa erabiltzea ezinezkoa da; distantzia beharrezkoa da, baita bentilazio on bat ere. Bi behar hauek betetzea zaila da, baina beharrezkoa musikariaren segurtasuna bermatzeko.
Berrikuntza da EMKEren Musika Bandaren ezaugarrietako bat.
2014an bete zituen Errenteriako bandak 150 urte, eta hausnarketa sakon baten ondorioz zaharberritzearen beharra ikusi genuen. Horregatik saiatzen gara urtero konfort-zona atzean utzi eta proposamen berriak ateratzen, beti ere gure esentzia eta identitatea galdu gabe.
Zer ari da izaten zailena pandemia testuinguruan?
Entsegu eta kontzertu leku aproposak aurkitzea. Logistikoki ere gauza asko zaildu da, baina lantalde ona dugu eta oztopoei aurre egiteko ez dugu inongo arazorik.
Zer izango du berezi biharko kontzertuak?
Donostiako Txistularien Udal Taldearekin kolaborazioa egitea oso aukera polita da. Musikari apartak dira eta oso gertukoak, gustura egiten da lan beraiekin. Gainera, aurreko larunbatean Donostiako Trinitate plazan haiekin kontzertua egiteko aukera izan genuen. Leku polita eta akustikoki interesgarria.
Bestalde, Lekuona Fabrikan kontzertu bat egiteko gogo handiz gaude. Gure lehenengo kontzertua izango da han, eta leku ezin hobea izan daiteke. 5