Allerruko taldeetatik bakarrak irabazi du asteburuan
Gizonen Gazte Taldekoak izan ziren hiru puntuak lortzen bakarrak. Asteburuan lehia izan duten gainontzeko hiru taldeek, kale.
![](https://oarsoaldea.hitza.eus/site/files/2021/09/allerru-ordizia.jpg)
Hainbat ligetako lehen jardunaldia jokatu dute Allerruren taldeek asteburuan. Orotara, lau izan dira lehian izan diren talde zuri-berdeak. Horietatik bakarrak lortu du garaipena, beste hiruek kale.
Gizonen talde nagusiak, Erregional Ohorezko Mailakoak, 1-2 galdu zuen Plazetan Ordiziaren kontra. Emakumeen talde nagusiak ere ezin sasoiko lehenean, Intxaurdiren zelaian 2-0 galdu zuelako.
Gizonen Gazte Mailan asteburuko argi izpia. Taldeak erosotasunez gainditu zuen Irungo Dunboa-Eguzki, 4-1. Iazko inertzia baikorrarekin jarraitzen du gazteen ekipoak. Mutil kadeteek ere jokoan izan zituzten denboraldiko lehen hiru puntuak: sailkapen nagusiko puntuen atala hutsean dute, ordea. 2-0 galdu zutelako Oiartzunen kontra.