Herriko errepideak asfaltzatzeko laguntza jaso du Lezok
Gipuzkoako Foru Aldundiak 70.000 euroko ekarpena egingo du, herriko asfaltatze plana finantzatzen laguntzeko. Oinezkoentzako zebra-bide bereziak jarriko dituzte.
Besteak beste, Jaizkibel hiribidea asfaltzeko erabiliko dute aldundiaren diru laguntza. Lezoko Udalak 70.000 euroko diru laguntza jasoko du Gipuzkoako Foru Aldunditik, herriko hainbat errepide asfaltatzeko planaren zati bat finantzatzeko. Lezoko PSE-EEk eman du laguntzaren berri. Hala, sozialisten eledun Joxean Sanchezek zehaztu du Jaizkibel hiribidea, 7 eta 110 industrialdeko errepideak, nahiz Errekalde auzokoak asfaltatzeko lagungarri izango dela ekarpena.
“Aparteko albistetzat” eman du Sanchezek laguntza. Nabarmendu du ekarpen hori aldundiak Pasaialdeako hiri espazioa eta ekipamendu degradatuak birgaitzeko eta berreskuratzeko duen estrategiaren barruan ulertu behar dela. Aldi berean, PSE-EEren eledunak jakinarazi du asfaltatze plan zabalago baten zati izango dela Rafaela Romero sozialistak zuzentzen duen aldundiko Lurralde Antolaketarako Departamentuak emango duena. Udalarekin hitzarmena sinatu du sail horrek laguntza bideratzeko.
“Asmo handiko” asfaltatze plana du esku artean udalak, Sanchezen arabera. Horren arabera, beharra duten errepideak berritzeaz gain, trafiko handia duten bideetan mendixka erako zebra-bideak jarriko dituzte, horiek espaloien mailara jarriz. Hori oinezkoentzako abantaila izango dela adierazi du Sanchezek, eta aldi berean ibilgailuek abiadura murriztu behar izango dutela. Beraz, “bizilagunen segurtasunean” lan horiek izango duten eragina goraipatu du sozialistak.
