Sasoiko barazki ekologikoak inguruko enpresetan banatuko ditu Arraztalok
Oiartzun edo inguruko enpresetan egingo dute banaketa, astean behin, bezeroekin adostutako egun eta orduan. Interesdunek hileroko kuota bat ordainduko dute.
Enpresetara helaraziko dituzte Arraztaloko kideek sasoiko barazkiak. Arraztalok, Oiartzungo Gaixo Psikikoen Elkarteak, sasoiko barazki ekologikoen eskaintza zabaltzeko iniziatiba jarri du martxan. Taldeak banaketa zerbitzua eskainiko die enpresei zuzenean, astean behin establezimenduetara bertaratuz.
Oiartzun edo inguruko enpresetara helaraziko dute eskaintza. Astean behin, bezeroekin adostutako egun eta orduan, elkarteko banatzaileak lokaletara joango dira produktuak eramatera. Baldintza bakarra gutxienez 3 pertsonako taldea osatzea izango da.
Hilean 52 euroko kuota ordaintzearen truke, sasoiko barazki osasuntsuak erosotasunez eskuratzeko aukera izango dute bertako enpresetan lan egiten dutenek. Arraztalok 11 urte daramatza kontsumo taldearen bidez barazkiak banatzen, eta eginkizun horrek gaixotasun psikikoa duten pertsonen lan integrazioan laguntzen du.
Astelehenero, barazki banaketa egiten dute Oiartzungo plazan eta inguruko ekoizleak ere etortzen dira euren produktuak saltzera. Informazio gehiago nahi duena postura hurbil daiteke gaur, edota posta elektroniko bidez nahiz telefonoz (617 58 57 24) harremanetan jarri. Webgunean ere eskuragarri dago informazio guztia.
