Sortuk ekitaldi nazionala egingo du etzi, Irailaren 27aren harira
Elorsoro kiroldegian izango da ekitaldia, etzi arratsaldean. Gonbidapena eskuratu beharko da. Astelehenean herrietan egingo dituzte mobilizazioak.
Sortuk ekitaldia egingo du etzi arratsaldean, Elorsoro kiroldegian, 17:30ean hasita, Euskal Herria bihotzean, independentzia! lelopean.
Gonbidapen bidezkoa izango da ekitaldia, osasun larrialdia dela eta. Astelehenean beteko dira 46 urte Anjel Otaegi eta Jon Paredes Txiki fusilatu zituztela. Sortuk “kezkaz” ikusten du memoria eta kontakizunean “inposatu” nahi den bertsioa: ”Manzanas torturatzaile faxistari gorazarre egiten dioten bitartean, herri honen alde jardun duten hainbat biktima bazterrean uzten dituzten bitartean”.
Etorkizunera begiratuko dute:”Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakitea ere funtsezkoa zaigulako; herri honek behar-beharrezkoa duen elkarbizitza eraikitzen jarraitu nahi dugulako”, esan dute.
Astelehenean herrietan egingo dituzte mobilizazioak. Oiartzunen kasuan, 19:00etan izango da, Done Eztebe plazan, lelo berarekin.