[Erreportajea] Sorkuntzari leiho berriak zabaltzen
Hatxe musikari eta sortzaile errenteriarrak proiektu bat du martxan Meta Crowdfunding kanpainaren barruan. Hiru bideoklip sortu nahi ditu, eta inguruko lau artista eta sortzailerekin egingo du bidea.
Ohikotik at mugitzen da, esperimentazio etengabean eta pianoaren melodia beste arte diziplinekin janzten du, ikusleak musikaz bai, baina agertokian gertatzen den ororekin goza dezan. Idoia Hernandez Hatxe musikari eta sortzaile errenteriarrak proiektu berria du esku artean. Ez du bidea bakarrik egingo. Maria Elorza zinemagile donostiarra, Ainara Gurrutxaga aktore errenteriarra, Idoia Beratarbide ilustratzaile eta sortzaile oiartzuarra, Myriam Perez Kazabon dantzari garaikide oiartzuartua, eta Elia Millan proiektuko hainbat kanten letren egile donostiarra arituko dira Hatxerekin batera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Goteo fundazioarekin batera bultzatzen duen Meta crowdfunding kanpainaren barruan hautatua izan da Hatxeren proiektua. Horren arabera, Panpin hautsien dantza kontzertu ikuskizuneko hiru abestiren bideoklipak egingo ditu errenteriarrak: Panpina, Zauria eta Kali. Gurrutxaga izango da lehenengoaren protagonista. Emakumearen gaia zeharka beti, gizartean emakumeak nola kokatzen diren, zein begiradarekin hezten diren eta hezten dituzten txikitatik hausnartzeko gonbita dago atzean, eta zerikusi handia du objektuekin, panpinekin, objektu bilakatzearekin, desioarekin, «gaur-gaurko gaiak, oso interesgarriak», esan du Gurrutxagak. Beratarbidek bigarrenerako animazioak sortuko ditu. Abiapuntua gorputzean eta pentsamenduan sortzen diren zauriak izango dira, eta txuri-beltzeko emakumeen erretratuak oinarrian, plastikoki landuko ditu hainbat teknikarekin. Eta hirugarrena, dantzarekin jantziko du Perezek. Emakumearen ahalduntze ideiarekin lotuta dago, nola egin aurre arazoei, eta nola batzuetan ezinezkoa den eta lasaitasunez hartu behar den ezin hori, «beti indartsu izate hori nekagarria da».
Millanen esku utzi du, berriz, hitzen jolasa eraikitzea. Abiapuntua emango du, hasiera, Hatxek bere musikarekin, baina bidaia artistek egingo dutela dio, «askatasun osoz». Ideia batzuk elkarbanatu, elkarrizketa artistikoa sortu, eta musikak abiapuntu txikia emango die, «baina bakoitzak bere bidea jarraituko du».
Proiektuaren oinarrian, beraz, errenteriarraren azken proposamena dago. Hatxek sortutako kontzertua da Panpin hautsien dantza. Pianoa (Hatxe), ahotsa (Peru Galbete), biolina (Jurdana Otxoa) eta bateriarentzat (Ilargi Agirre) idatzitakoa da. Hatxek egiten duen guztiaren antzera, ez da ohiko kontzertu bat, ezta bakarkako kantuen segida bat ere. Musikariak azaldu duenez, antzerki ikuskizunen antzera hasiera bat eta bukaera bat ditu. «Kantuen arteko trantsizioak testuekin, argiekin edota inprobisazio eta material elektroakustikoarekin landu dira». Tartean, Virginia Despentesen Teoria King Kong; Maria Bastarosen Historia de España contada a las niñas; Ana Elena Penaren Antidotos contra la belleza; Katixa Agirreren Amek ez dute; Itziar Zigaren Malditas; Orna Donathen Madres arrepentidas; Gabby Bessen Post coño; eta beste zenbait idazleren liburuen hainbat atalen irakurketak egiten ditu.
Feminitatea birmoldatu
Horren atzean helburu bat: feminitatea hitzaren esanahia iraultzea. «Emakumeak gara, emakumearen arauetan hezi gaituzte eta muga horiek onartu behar izan ditugu. Muga horiek suntsitu nahi ditugu, eta horretarako sortzen dugu, feminitatea hitza birmoldatu nahi dugulako, historikoki duen edukia hustu, askatasunez bete, sentimendu, hitz zein keinu berriekin osatu».
Proiektuaren bidez hiru bideoklip sortu nahi dituzte, eta horretarako gutxienez 6.000 euro lortu behar ditu Hatxek crowdfunding kanpainarekin. Hilaren 29an jarriko dute martxan, eta 40 egun izango ditu gutxieneko kopuru hori lortzeko. Behin lortuta, berriz, urtebeteko epea izango dute proiektuarekin bat egin duten sortzaile guztiek bideoklipak egiteko.
Irudiak gero eta garrantzi handiagoa daukan zalantzarik ez du musikari errenteriarrak: «Irudia erabiltzea ezinbestekoa bilakatu da, eta inguruan halako artista puskak izanik, baliatu behar nuen beraien laguntza, elkarlana». Elorzarekin aurretik egina du bideoklipa Histeria lanarekin, Azpeitian lortutako bekaren bidez: «Oso esperientzia polita eta esperimentala izan zen. Bueltak ematen hasita, proiektua aurkeztea ideia egokia iruditu zitzaidan. Iaz, Ander Iriarte zinemagile oiartzuarrak hartu zuen parte kanpainan. Helburua lortuz gero, lan duin bat egiteko aukera emango digu».
Ilusio handiz hartu du proiektuan parte hartzeko proposamena Gurrutxagak. «Luxua da, aspalditik ezagutzen dut Idoia [Hernandez] Mikelazulotik eta zeharka izan bada ere, hainbat proiektutan egin dugu bat; sentsibilitate asko partekatzen ditugu, gainera». Hatxeren musika egiteko moduari ere erreparatu dio Gurrutxagak: «Ileak puntan jartzen dizkit bere musika ulertzeko moduak, irekitzen dituen unibertsoak. Beste norbaiten baitan sortutako proiektuan parte hartzea oso berezia da beti, pertsona horrekin kreatiboki nonbait elkartuko zara. Leihoa ireki eta haize freskoa jasotzea da, sorkuntza, esperimentazioa, elkarrizketa da».
Crowdfundig kanpaina batean parte hartzen duen lehen aldia du Hatxek, baita Gurrutxaga berak ere, eta aukera gisa ikusten dute: «Ariketa bat da norberaren eskemak pixka bat apurtzeko. Kosta egiten zaigu, sortzaileak gara eta iruditzen zaigu eskatzea dela eta ez eskaintzea, azken hori egiten ari garenean». Artista eta sortzaileentzat interesgarria bada, publikoarentzat ere hala den zalantzarik ez du aktoreak. «Zuzenean parte hartzeko aukera dute, erabakitzekoa. Elikadurarekin egiten da, zergatik ez kulturan? Dirua non jartzen dugun, finean, erabaki eta ekintza politikoa da». Izen horrekin ez, baina filosofia horrekin lotuta aspaldian ari direla uste du Hatxek: «Proiektuak aurrera ateratzeko kamisetak saldu edota kontzertuak antolatzea gauza bera da, komunikazio bidea beste bat bada ere». Zalantza bat ere badu: nola eraman belaunaldi helduagoak crowdfunding kanpainara.
Egiteko forma berrien bilaketa
Proiektu kontzientea, hausnarketarako bidea zabaldu asmo duena da Hatxerena; berezkoa duen esperimentazioaren zigilua ere jarri dio errenteriarrak. Kolaborazio zinez interesgarriak gehitu behar zaizkio, gainera. Guztiak emakumeak, denak sortzaileak eta eredu berrien bilaketan murgilduta dabiltzanak.
Emakume sortzaileez mintzatu dira biak. «Gero eta gehiago ikusten dira, baina kosta egiten da oraindik. Bateria jotzaile emakumea lortzea ikaragarri kostatu zitzaidan. Musika eskolan denak emakumeak ginen, baina gero ez dakit zer gertatzen den. Mukuru kolektiboan orain sartu berri da bigarren emakumea, orain arte bakarra nintzen; argi eta soinu teknikariekin edo grabazioan berdin gertatzen da…». Bat dator Gurrutxaga Hatxeren hitzekin: «Sormen munduan asko dago deskubritzeko egiteko forma berrien inguruan. Gure espazioa behar dugu espresatzeko, baina nola? Batzuetan hain dago txertatua patriarkatua egiteko moduan zaila dela, kapitalismoarekin bat dator gainera. Antzerkian etengabe zeharka dagoen modu bat da, nahiz eta emakumeak izan, bada zerbait oso maskulinoa. Gakoa zure burua galtzen uztea da, topatzeko, klixerik egin gabe emakumeek dugun sortzeko moduaz, askatasun eremu bat hartuta».
Goi mailako artea eta sorkuntza dira artista eta sortzaile hauek eskaintzen dutena, baina baita gogoeta ere, hausnarketarako aukera. Crowdfundingaren bidez hori babesten dutenek trukean sorkuntza horren zati bat jasoko dute, hura sustatzeko plazeraz gain; egindako ekarpenaren arabera jasoko dute eta hainbat aukera daude: 10, 30, 50, 80 edo 200 euroko ekarpena egin daiteke. Ekarpena egiteko, hilaren 29tik aurrera, goteo.org web orrian sartu behar da, eta Hatxeren proiektua hautatuta nahi den diru kopurua bideratu.