[Galeria] "Guztiontzat eredu, guztia adore; mila esker, Fernandi, agur ta ohore"
Fernandi Olarraren omenezko kartelada egin zuten atzo arratsaldean, San Fermin Txikiei inoizko hasiera hunkigarriena emanez.
Atzo hasi ziren San Fermin Txikiak, eta, ohi bezala, 20:00etan jantzi zituzten zapi gorriak antxotarrek; aurten, ordea, ohiz kanpokoa izan da guztiz jaien hasiera, pandemiaren mugengatik ez ezik, adio hunkigarri batengatik ere.
Gure Zumardiko San Fermin elizak inaugurazio kanpaikadak emanda ekin zioten hamarka lagunek, hileroko azken ostiral guztietan bezala, presoen eskubideen aldeko karteladari. Atzokoan kausa horri beste bat batu zitzaion: Balbino Saenz Olarra preso antxotarraren amari, Fernandi Olarrari, prestaturiko agur berezia.
Euria ere ez zen gai izan pasaitarren pausoak eteteko ostiral arratsaldean. Herrigunea zeharkatu eta alamedara bueltatu ziren bildutakoak, oroigarri eta aldarriak eskutan, samin eta ohorez mintzatzeko Fernandiri.
Hitz batzuk, bertsoa, krabelinak, zapi gorriak, besarkadak, malkoak, irriak eta azken topa; egiari zor, iruditan ere ezin laburbil daiteke atzokoa. Agur eta ohore, Fernandi!
Haritz Casabalek sorturiko bertsoa abestu zuten antxotarrek azken agur gisa. Honakoa da letra:
Hamaika agintari,
sigla, agintaldi,
manifa, bertso saio
edota hitzaldi:
Badakigu munduak
dauzkala moral bi.
Zurekin behar zuen
etxean aspaldi…
Zure faltan herriak
Zainduko du Balbi. (BIS)Zu mundu honetatik
joan zaren neurrira
udarako egunak
udazkendu dira.
Dizugun miresmena
gaur omenaldi da…
Jarrai zazu gurekin
zerutik begira
ikusteko itzultzen
semea herrira. (BIS)Masailak direnean
malkoen uholde
da dugun pena ezin
dugulako gorde.
Mundu hau egin duzu
askoz mundu hobe.
Guztiontzat eredu,
guztia adore…
Mila esker Fernandi.
Agur ta ohore! (BIS)Doinua: Hamalau heriotzena