[Galeria] Kolorez josi du Gure Zumardia San Fermin Txikietako azokak
Topaguneak antolaturiko artisauen azokak artelanez apaindu Antxoko jai txikietako bigarren eguna. Arratsaldean, bingoa eta jolasak.
Giro ederrean joan da larunbat goiza Antxoko Gure Zumardian. Atzo 20:00etan hartu zuten martxa 2021eko San Fermin Txikiek, Fernandi Olarrari egindako omenaldi berezian. Gaur goizean, eguzkia lagun, 11:00ak baino lehen hasi dira lehen artisau eta artistak euren artelanak ikusgai jartzeko postuak prestatzen.
Giro ederrean joan da goiza herriko zumardian. Denetarik aurki zitekeen mahaietan: jantziak, bitxiak, diru-zorroak, artilezko txanoak, poltsak, pastelak eta orotariko gozoak, eskuz egindako musukoak… Horiek guztiek, herritarren jantzi zuri-gorriekin konbinatuta, kolorez josi dute Antxoko plaza.
Eguerdian herri bazkaria ziren egitekoak bizilagunak, baina Udaltzaingoak ekintza debekatu du -gaitzespen aldarriek ez dute huts egin gaur goizean ere-. Dena den, mahaiaren inguruan elkartu ezinak ez ditu antxotarrak gogogabetu, arratsaldean bingoa eta jolasak egingo baitituzte.
Gaur goizeko azokako hainbat argazki dira jarraian daudenak.
