Ander Iñarra: "Gogoan geratuko zaidan eguna izan zen igandekoa"
Gorbeia Suzien Munduko Kopako lasterketan bigarren izan zen lezoarra. Postu horregatik, aurrera jauzia eman du sailkapen nagusian.
Igandeko Gorbeia Suzien mendiko lasterketan bigarren izan zen Ander Iñarra Euskal Herriko mendi lasterkarien selekzioko ordezkari lezoarra. Munduko Kopako hamargarren proba puntuagarria izan zen igandekoa, Iñarraren hirugarrena. “Brutala, ez dakit nola deskribatu, baina gogoan geratuko zaidan eguna izan zen igandekoa”, adierazi du kirolariak haren sare sozialetan.
Atzetik aurrerako lasterketa egin zuen, zuhurra, eta azken kilometroetan aurretik izan zituen hainbat aurreratzea lortu zuen. 31 kilometroko bidea hiru ordu, sei minutu eta hamar segundoan egin zuen. Zaid Ait Maher murtziarra izan zen irabazle, Iñarrarekiko bi minutu eta erdiko aldearekin. Hirugarren postuan Ben Kimtai keniarra sailkatu zen.
Bigarren postu horri esker, Skyrunner World Series Munduko Kopako seigarren postura iritsi da Iñarra. Goitik hurbil du Luca Del Piero italiarra: lezoarrak 194 puntu dauzka pilatuak, eta Del Pierok 202.