2022ko otsailaren 20an itzuliko da Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketa
Egoera epidemiologikoak hobera egin duelako antolatzaileek 2022koan proba antolatzea erabaki dute. Aurreratu dute moldaketak egin beharko dituztela.
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren antolaketa taldeak berri pozgarria zabaldu berri du sare sozialen bitartez: erabaki dute 2022ko otsailaren 20an izatea proba entzutetsuaren zortzigarren edizioa. “Egoera epidemiologikoak nabarmen hobera egin duenez, VIII. Lezo-Jaizkibel mendi lasterketa antolatzeko gai ikusten gara”, adierazi dute.
Edonola ere, COVID-19ak orduan ere gurean izango dela aurreikusi dute antolakuntza taldekoek, eta horregatik ohiko eran antolatzerik ez dutela izango azaldu dute: “Baina ahalik eta berdintsuen egiten saiatuko gara”. Izan daitezkeen aldaketei adi egoteko eskatu diete zaleei.
Lasterletaren azken edizioa, zazpigarrena, 2020ko otsailaren 16an egin zuten. Egoera epidemiologikoagatik 2021koa ezin izan da egin.
Abisua helarazi diete, aldi berean, mendiko lasterkariei: “Joan oinetakoei hautsa kentzen!”.