Emakumeen iragan industriala betikotu dute, artez jantzia
Errenteria-Oreretaren iragan industriala, emakume langileengan begirada jarrita, betiko gelditu da inprimatuta. Ez da gainera edozein lekutan izan, iragan horren lekuko isila izan den Lino plazako horma handiak hartu baitu sorkuntza lana, eta bertan egon zen kokatuta Lino Fabrika handia.
Errenteria-Oreretaren iragan industriala, emakume langileengan begirada jarrita, betiko gelditu da inprimatuta. Ez da gainera edozein lekutan izan, iragan horren lekuko isila izan den Lino plazako horma handiak hartu baitu sorkuntza lana, eta bertan egon zen kokatuta Lino Fabrika handia. Artez jantzitako historiaren zati hori, denen begi bistan da dagoeneko Lehendakari Agirre plazako horma handian. Historia txiki askok eskutik helduta, herriaren memoriaren zati ezinbesteko den kontaketa handia osatu dute, Idoia Beratarbide sortzaile eta artista oiartzuarraren eskutik.
Gaur aurkeztu dute murala, udan lanean aritu ostean, amaituta. Horma koloretsua eta batez ere bizia izan da emaitza. Bizia kontatzen duelako zerbait, eta aldi berean hausnarketarako herriaren historiaren zati baten ezagutzarako eremu bilakatu delako dagoeneko. Ez da hor amaituko proiektua, izan ere, Beratarbidek bere sorkuntza lan ederrarekin kontatzen duen historia, unitate didaktiko batera eramango du orain Errenteriako Udalak, ikasturte honetan zehar herriko lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeekin lanketa egiteko; horma irudia abiapuntua izango da, eta bertatik unitate didaktikoa sortuko dute.
Emaitzarekin pozik udala, baita sortzailea bera ere. Linoko espaziorako Beratarbidek sortu zuen horma irudia, uztailean zehar margotzen aritu da Arte y Muralismo enpresa sortzailearen gidaritzapean. Gaur aurkeztu dute Aizpea Otaegi alkateak, Itziar Ostolaza EH Bilduko bozeramaileak, Maite Gartzia Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak, eta Elixabete Murua EAJko bozeramaileak. Herriko historia hurbila berreskuratu eta kaleratzea, herri hezitzailearen oinarrietako bat dela nabarmendu du Otaegik, “paisaia urbanoa, heziketarako gune bilakatuz. Legatu bat nahi genuen, eta horma honetan islatua gelditu da. Horma irudiak gure iragan industrialari keinu egiten dio, eta zehazki, emakumeek gure iragan industrial horretan izan duten paperari. Ondare eta legatu gisa, ekarpena egiten digun zalantzarik ez da”.
Hiri paisaia blaitzeaz gain, horma irudia eta kontatzen duena tresna izan nahi duela herriko ikasleek beren gogoeta propioa egin dezaten Beratarbideren proposamenetik abiatuta gaineratu du alkateak.
Gaur inauguratu duten horma irudiaz gain, azken hilabeteetan heriko hainbat espazioetan beste batzuk egin direla azaldu du Otaegik, “hau da erabat instituzionala izan den horma irudi bakarra, baina ez bakarra. Emakumeen Etxean ere egin da horma irudi bat, Atlantikaldiaren barruan Miguel Irastorzan ere beste bat eginda, eta Gaztañoko auzokideek ere erabaki dute berriki egindako frontoian margotzea murala. Hori ere balioan jarri nahi dugu, hiri paisaiari egiten zaizkion ekarpen horiek guztiak izan instituzionalki sustatutakoak, zein herri iniziatibatik sortutakoak, edo lankidetzan, balioan jartzea, hiria apaintzen dutelako, baina hortik harago, horma irudi hauen bidez istorioak kontatzen zaizkigulako eta gogoeta eragiten zaigulako horien bidez, eta hori bere horretan oso interesgarria da”.
Esker ona
Beratarbidek eskerrak eman ditu “aukera hau emateagatik. Ikaragarria izan da benetan, paperean ikustetik, horman ikustea daukan altuera horrekin guztiarekin”. Paperetik hormara bere diseinua eraman duen Arte y Muralismo enpresari ere azaldu dio sortzaileak esker ona, “nire lana oso ondo ekarri dute hormara eta oso pozik gelditu naiz. Gogotsu nago gainera, haur eta gazteekin egingo den lanketa didaktiko horretan parte hartzeko, eta egin den hau, herrikoagoa egiteko, sozializatu eta haurrekin espazio hau osatzeko gogoz”.
Beratarbide gustura azaldu da ere margoketa prozesuaren zuzeneko kontaketa eginez argazki pila bidali dizkiolako jendeak muralaren aurrean jarrita, “Uste dut jendeak eskertu duela beste kolore bat ematea espazio honi, aldaketa bat ematea”.
Sortzaile gisa halako pareta handia bere sorkuntza plasmatzeko izateak zer suposatu dion galdetuta, azkar erantzun du oiartzuarrak: “Betetako ametsa da. Hau bizitzan behin gertatzen da. Sortzaile gisa, zure lana herriaren parte izatea da, herritarrek egunerokotasunean ikustea, sormena benetan herrian txertatzea, eta naturaltasun batez ikustea eta bizitzea jendeak sortzaile bati gertatu ahal zaion hoberena da”.