Lezoko Udala: "Elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu La Palmari"
Kanarietako La Palma irlako hainbat hautetsi ezagun ditu Jesus Mari Martiarena alkateak: "Gure babes osoa hurbiletik senti dezaten nahi dugu".
Lezoko Udalak oharra bidali du hedabideetara, Kanarietako La Palma uharteko sumendiaren erupzioaren harira. “Lezoko Udalak babesa eta elkartasuna adierazi nahi dio La Palmari”, esan du udal erakundeak.
Jesus Mari Martiarena alkateak esan duenez, oso une gogorrak bizitzen ari dira La Palman, “2.000 kilometro baino gehiagora gauden arren, gure babesa eta indar guztia bidali nahi diegu”.
Izan ere, oharrean jasota dago alkateak behin baino gehiagotan bisitatu duela uharte hori. Gainera, gertutik ezagutu ditu Llanos de Aridaneko alkate Maria Noelia Garcia, El Pasoko alkate Sergio Javier Rodriguez, eta La Palmako kabildoko presidente Mariano Hernandez. “Gure babes osoa hurbiletik senti dezaten nahi dugu”, esan du alkateak.