Oiartzungo Sarek pozez hartu du Larretxea hurbiltzeko erabakia
Espainiako espetxeen zuzendaritzak atzo jakinarazi zuen Martutenera hurbilaraziko dutela. Sarek esan du bizi-baldintzak hobetzeko lanean jarraituko duela.
Espainiako Espetxe Erakundeen idazkaritza nagusiak atzo jakinarazi zuen Joanes Larretxea presoa Martuteneko espetxera lekualdatuko dutela, Asturiasetik. Beste zortzi preso ere Euskal Herriko espetxeetara hurbilaraziko dituzte.
Erabaki horrek “poztu” egin dituela adierazi du Oiartzungo Sarek. “Azken urteetan hori [presoa euskal herriratzea] izan da gure aldarrikapen nagusia, eta beraz, erabaki honen aurrean gure poza adierazi nahi dugu gaur”.
Gaineratu dutenez, bere senideek —”batez ere, seme-alabek”— onura nabarmenak izango dituzte. “Oso albiste ona da hori, jakina”, berretsi dute. Erreportaje honetan azaldu zuten zein zailtasun dituzten motxiladun haurrek.
Gerturatzearen bera modu positiboan baloratzeaz gain, “kualitatiboki urrats garrantzitsua” dela iritzi du Sarek. “Fase hau ixteak zein urrunketarekin bukatzeak, urrats berriei bidea irekitzen die: Joanes etxeratzeko bidean, bere bizi-baldintzak hobetuko dituen urrats berrien aldeko borrokan murgilduko gara hurrengo hilabeteetan”.
Oiartzungo Sarek iragarri du pauso horiek gauzatzeko bidean lanean jarraituko dutela, “indarrak bildu eta herritarrak aktibatuz”.
Bukatzeko, Sarek ziurtatu du “elkarbizitzaren, konponbidearen eta bakearen bidea egiten” jarraituko dutela.