Udal tasa eta zergak %1,5 igotzea erabaki du udalbatzak
KPIren igoera handiegia izango delakoan, igoera %1,5era mugatzea erabaki dute. Bestalde, antzerkia sustatzeko hitzarmena sinatu dute.
Iraileko ohiko plenoa egin zuten atzo arratsaldean. Bozketa guztiak aho batez atera ziren aurrera.
2022ko tasa eta zergen onarpena aztertu zuten. Tasa eta zerga gehienak %1,5 igoko direla iragarri zuen Jon del Olmo Ogasun zinegotziak. Horren azalpena eman zuen: “Normalean, KPIren arabera egokitzen ditugu tasa eta zergak. Aurten, energiaren egoera eta beste faktoreek bultzatuta, KPI oso altu utziko du. Erdibideko bidea hartu dugu”.
Orokorrean aldaketa handirik egongo ez dela iragarri arren, salbuespen batzuk egongo dira. Adibidez, etxez etxeko zerbitzuaren tasa ez dela igoko iragarri zuen Del Olmok.
Bestalde, kirol instalazioetan tarifa murriztua duten familiek beherapen hori eskatzeko baldintzak aldatzea onartu zuten. Orain Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga hartuko da kontuan.
Antzerkia sustatzeko hitzarmena
Saltsa Guztietako Perrexila elkartearekin hitzarmena sinatzea onartu zuen plenoak. Oiartzuarrak antzerkigintzara hurbilarazteko egiten duten lana dela eta, udalak “egokia” ikusi du haiekin hitzarmena sinatzea.
Lau urterako hitzarmena sinatu dute. Diru laguntza jasoko du antzerkigintza bultzatzen duen taldeak, baita Karaez 4ko lokala erabiltzeko baimena ere. Euskarazko antzerkigintza indartzeko bidea hori dela uste du udalak.