Zale zurigorrien bila ari da Antton Ezponda Lagunartea
Bilboko taldearen peñen elkarteak Oiartzungo taldea onartu du. San Mames Barrian partidak ikusteko prezio murriztua lor dezakete. Bazkide izatea, 20 euro.
Antton Ezponda Oiartzungo lagunartea bazkide bila dabil. Bilboko futbol talde nagusiaren peñen elkarteak Oiartzungoa onartu du elkartean, eskubide osoko kidea gisa.
2021-2022 denboraldian bi helburu jarri dizkiote bere buruari. Alde batetik, Euskal Herriko futbol jokalari ospetsuekin hitzaldiak antolatzea. Bestetik, talde zurigorriak San Mames Barrian jokatu beharreko partida batera autobusez joatea.
Bigarren horretarako, sarrerak prezio murriztuan lortzeko aukera izango dute, elkarteko kide baitira. Sarrera horiek lortzeko ezinbestekoa izango da Antton Ezponda Lagunarteko bazkide izatea. Urteko kuota 20 euro izango dira.
Orain arte 40 oiartzuar batu dira lagunarte horretan, eta haiekin bat egin nahi dutenek e-posta bidez jarri beharko dute harremanetan.
Hiru helburu
Lagunartearen zuzendaritzak jakinarazi duenez, hiru zutabetan oinarrituko dituzte beraien helburuak. Alde batetik, Oiartzunen zein Oarsoaldean klub zurigorriaren proiektua indartzea.
Bestetik, futbolarekin eta euskal kirolarekin lotutako ekitaldiak sustatzea. Azkenik, euskara eta euskal kultura sustatzea, “betiere genero-ikuspegia ardatz hartuta”.