Laguntzak emango dizkie aldundiak TicketBAI lehenagotik ezarri dutenei eta merkatariei ekonomia suspertzeko
Bi diru laguntza onartu dituztela jakinarazi du aldundiak: Kenkariback deiturikoa, TicketBAI sistema berria ezarritakoan hobari fiskala unean jasotzeko, eta, beste bat, merkataritzaren eta ostalaritzaren susperraldia bultzatzeko.

Bi diru laguntza onartu dituztela jakinarazi du aldundiak: merkataritzaren eta ostalaritzaren susperraldia eragiteko edo pandemiaren eraginei aurre egiteko eta Kenkariback izenekoa, TicketBAI aplikazioa ezarritakoan hobari fiskala momentuan jasotzeko.
Batetik, herrialdeko merkatariei eta ostalariei 1,5 milioi euroko diru laguntza ematea onartu du. Helburua digitalizatzen laguntzea, pandemiaren ondorioen inpaktua arintzea eta susperraldia bizkortzea dela azaldu dute.
Beraz, establezimendu bakoitzari, gehienez, 1000 euro emango zaizkio, eta, horretarako, hainbat baldintza bete behar dituzte: Zergaren epigraferen batean altan emanda egotea eta eskaera egin baino 15 egun lehenago, gutxienez, 15 ordainagiri egin izana TicketBAI sistema berriarekin.
Eskaerak automatikoki egiaztatuko direla ohartarazi dute, eta, behin hori eginda, bi aste inguruko epean egingo direla ordainketak azaldu du aldundiak. Interesdunek azaroaren 30a dute eskaria egiteko azken eguna eta plataforma honen bidez aurkeztu beharko dute. Informazio gehiagorako, orrialde honetara jo daiteke.
Bestalde, TicketBAI sistema hurrengo urtean era mailakatuan, sektorez sektore ezarrita eduki beharko dute jarduera ekonomikoa duten zergadun guztiek. Horregatik, Kenkariback TicketBAI sistema jarri du abian aldundiak, digitalizazio prozesu honetarako inbertsioa sektore bakoitzari dagokion data baino lehen borondatez egiterakoan, unean jaso ahal izateko hobari fiskala, “ez dute hurrengo ekitaldietako kanpainen zain egon beharrik izango hobari hori jasotzeko”.
Gehienez 5000 euro jaso ahal izango dute Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Sozietateen gaineko Zergan TicketBAI ezartzeko inbertsioa egiten dutenek, gastuen %60ko hobaria izango litzatekeena. Sistema berria ezartzeko azken eguna baino hilabete bat lehenago egiten dutenei zuzendutako laguntza dela adierazi du aldundiak.
Adibidez, merkatariek eta ostalariek 2021eko maiatzaren 1a baino lehen egin behar dute aldaketa, beraz, apirilaren 1aren aurretik eskaria eginez gero izango dute kenkaria. Ogasunaren orrialdean begiratu daiteke sektore bakoitzak noiz egin behar duen aldaketa.
TicketBai euskaraz
Beste behin, zergak kudeatzeko aplikazio berri hau euskaraz jartzeko deialdia egin dute Oarsoaldeko udalek: “Establezimenduak eta enpresak eremu garrantzitsuak dira udalerrietako bizitzan, eta euskararen aldeko pausoetan udalek bidelagun izan nahi dituzte horiek”. Esteka honetan topa daitezke zein sistemak duen euskarazko zerbitzua.
