Bihar Eskola Kiroleko ur lasaien piraguismo proban parte hartuko du Pasaia Kayakek
Eskola Kiroleko piraguismoko ur lasaietako lehen txapelketa egingo da bihar Irunen eta bertan lehiatuko dira Pasaia Kayakeko kimu eta infantil mailakoak.
Eskola Kirolaren lehiaketak bueltan dira. Horregatik, lehen ur lasaietako piraguismoko proba bihar egingo da Irunen 14:00etan, eta bertan parte hartuko dute Pasaia Kayak taldeko A eta B mailako kimu eta infantilek. Parte hartzaileak “ilusioz beteta eta itxaropentsu” joango direla adierazi du klubak.
Kimu mailakoek 1.500 metroko ibilbidea bete beharko dute eta 3.000 metrokoa infantilek. Entrenamenduak hasi berri direnez, pasaitarrek zein maila erakutsiko duten jakitea zaila dela adierazi du taldeak, baina podiumera igotzeko faboritotzat jo dute A mailako Gaizka Lopez “iaz infantil gisa eman zuen lehenengo urtean erakutsitako mailari erreparatuz gero”.
Piraguismo lehiaketak berriz martxan izatea denentzat “albiste pozgarria” dela azaldu du Pasaia Kayakek: “Egun polita igaro ahalko dute guztiek, aspaldiko partez”. Gainera, piraguista gehienentzat esperientzia berria izango da eta parte hartze handia espero dute.