Azken bisita gidatuak egingo dituzte San Markos Gotorlekura
6.200 pertsonek bisitatu dute gotorlekua ekainetik hona.
San Marko Gotorlekura Oarsoaldea Turismoak bisita gidatuak antolatu ditu, ekainaren 16an ateak ireki zituenetik. Bada, azken bisita eguna urriaren 15a izango da eta agentziak parte hartzera animatu ditu herritarrak.
Uda honetako bisitarien balantzea egin dute, eta, batez ere, gipuzkoarrak izan direla gerturatutakoak jakinarazi dute, nahiz eta pandemia aurretik etortzen ziren turista kataluniarrak edo madrildarrak berriz bueltan direla nabaritu duten.
Ekainetik, orotara, 6.211 pertsona pasa dira bertatik eta 2019. urteko epe berarekin alderatuz %12ko igoera egon dela adierazi dute.
Azken bisitetara joan ahal izateko izena eman behar da helbide elektroniko honetara mezu bat bidalita, 943 449 638 telefonora deituta edo orrialde honen bidez harremanetan jarrita;
Arreta zerbitzuaren ordutegia honako hau da: asteazkenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara