Energia kontsumo arduratsuari buruzko bi saio eskainiko dituzte
Argindarraren faktura ulertzeko gakoak eman eta energia komunitateak zer diren eta nola funtzionatzen duten azalduko du Goiener elkarteak.
Oiartzungo Udaleko Ingurumen Sailak energiaren inguruko bi saio antolatu ditu datozen asteotarako, “energiaren kontsumo arduratsu eta jasangarrirako bidean herritarren sentsibilizazioa eta prestakuntza lantzeko” asmoz.
Lehen saioa hilaren 28an izango da (osteguna da). Honetan argindarraren sistema eta faktura ulertzeko azalpenak jasoko dituzte herritarrek. Goiener Elkarteko kideek eskainiko dute saioa. 18:00etan hasiko dute, udaletxeko areto nagusian.
Bigarrena aldiz, autokontsumo partekatuari eta energia berriztagarrien komunitateen gaineko hitzaldi bat izango da, azaroaren 22n eskainiko dute. Hau ere Goiener elkarteko kideek emango dute; kasu praktiko baten bidez energia komunitateak zer diren eta nola funtzionatzen duten azalduko dute.
Bide batez, udalak aurreratu du norberaren fakturarekin etorri daitezkeela herritarrak hitzaldietara, zalantzak eta kezkak argitzeko.