Esku pilota gau berezia jasoko du Madalensorok hilaren 29an
Aimar Olaizola Oiartzunen jokatzen ikusteko azken aukera izango da hilaren 29koa. Ander Imaz oiartzuarrarekin batera ariko da ukondoz ukondo, Urrutikoetxea eta Aranguren bikotearen aurka. Aurretik beste partida bat jokatuko dute.
Lehen mailako esku pilotaz gozatzeko aukera izango dute oiartzuarrek eta inguruko herritarrek hilaren 29an (ostirala da) Oiartzunen. Bi binakako partida jokatuko baitituzte Madalensoro pilotalekuan, 22:00etatik aurrera.
Berezia izango da eguna. Izan ere, Aimar Olaizola Oiartzunen ikusteko azken aukera izango da hilaren 29koa, Madalensoro zapalduko duen azken eguna izango da, azaroan erretiratuko dela iragarri baitu. Azaroaren 13an jokatuko du azken partida, bere etxean.
Ander Imaz oiartzuarra izango du alboan Olaizola IIk, Urrutikoetxea eta Aranguren bikotearen aurka jokatuko dute. Aurretik, Alberdi eta Larunbe bikotearen eta Larrazabal eta Erasunen arteko partida jokatuko da.
Sarrerak 25 euroan eskura daitezke jada, Tolaita eta Miren tabernetan edota Elorsoro kiroldegian.