Haurtzaro ikastolako 55 gaztetxo "euskararen erabilera sendotzen eta ikasleak motibatzen" ariko dira
Haurtzaro ikastolako DBHko 55 gaztetxok aurten ere Eskuttun izeneko egitasmoan parte hartuko dute, hamaseigarrenez. Besteak beste, Argitxoren aurkezpenak egingo dituzte gazte hauek hiru urteko haurren geletan. Jarduera gehiago ere antolatu dituzte.
“Euskararen erabilera sendotzeko eta ikasleak motibatzeko” asmoz, Haurtzaro ikastolako DBHko 55 gaztetxok aurten ere Eskuttun izeneko egitasmoan parte hartuko dute, hamaseigarrenez. Besteak beste, Argitxoren aurkezpenak egingo dituzte gazte hauek hiru urteko haurren geletan, eta ondoren, iratxoaren eskutitza jaso eta honen ipuinak kontatuko dizkiete txikiei.
Donibane Azkarate eta Maider Lekuona irakasleak izango dituzte gazteek gidari. Orotara, hiru kanpaina antolatuko dituzte Euskaraz Bizi planaren barruan. Lehena idazketaren ingurukoa izango da, eta euskararen egunarekin amaituko dute. Bigarrena, “eremu informalean” egingo dute, ahozkotasunaren bueltan antolatu dute hau. Azkenik, “irakurzaletasuna indartzeko asmoz” liburuaren egunaren inguruan zenbait jarduera egingo dituzte.
Iaz pandemiak galarazi bazuen ere, aurten pala eta futbol txapelketak antolatzeko lanetan dabil Eskuttun. Horrez gain, ikastolak antolatzen dituen ekitaldi eta festa guztietan euskararen presentzia bermatzen dela ahaleginduko dira 55 gaztetxo horiek.
Bestalde, ikastolak aurreratu du hiztun neurketak ere egingo dituztela ikasturte hasiera honetan eta amaieran, “euskararen hutsunerik handienak zeintzuk diren eta non kokatzen diren” aztertzeko. Horretarako, ostiralero bilduko dira, arratsean.