Pandemia aurreko datuetara itzuli da Eskola Kirola
Iazko ezohiko ikasturtearen ostean gogoz hartu dute Eskola Kirola etxeko txikienek, indartsu itzuli da. 1.400dik gora haurrek eman dute izena.
Iazko ezohiko ikasturtearen ostean, indartsu itzuli da Eskola Kirola. Urriaren hasieran abiatu zen eskualdeko ikastetxe guztietan aurtengo programa, arrakastaz gainera. Izan ere, duela bi urteko datuetara, hau da, pandemia aurreko zenbakietara itzuli da.
Aurten 1.400 haur baino gehiagok eman dute izena, eta orotara 140 talde osatu dituzte. Eskola Kirolako iturrien arabera, talde mistoen gorakada handia sumatu dute aurten, “aurreko urtean gain honekiko esperientzia oso positiboa izan baitzen”.
Oarsoaldeko hamaika ikastetxe dabiltza lanetan programan, eta 51 hezitzaile inguru ari dira aurten. Lehen jardunaldian piragua, arrauna, natura jarduerak, erritmo saioak eta esku pilota probatzeko aukera izan zuten.