Saneamenduaren aurreproiektuaren aurkako sinadura bilketa martxan da
Donibanen aurkezturiko planaren aurka sina dezakete dagoeneko sanjuandarrek, hilaren 9ra arte. Epeak atzera ditzaten eskatuko diete lanen arduradunei.
Joan den hilabete bukaeran erabaki bezala, sinadura bilketa abiarazi dute Donibaneko bizilagunek, Pasaiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Añarbeko urak eta Ura erakundeek aurkezturiko aurreproiektuaren kontra.
Sinadura bilketarekin batera, gutun bat ere prestatu dute sanjuandarrek; euren eskakizunak jaso dituzte bertan, besteak beste, bizilagun guztiei erantzuna emango dien sare integrala instala dezaten eta, hori lortu bitartean, lanak atzera ditzaten arduradunek.
Dokumentua sinatu nahi duenak barrutiko taberna eta komertzio gehienetan egin dezakete, eta baita udal kiroldegian, udal liburutegian eta zaharren egoitzan ere. Sinatzeko epea hilaren 9an (asteartea) bukatuko da.