Kooperazio linguistikoari buruzko erakusketa, zabalik
Garabide elkarteak erakusketa jarri du pleno aretoan. Indigenen hitzak eta begiradak jasotzen ditu irudietan eta testuetan.
Garabide elkartea kooperazio linguistikoan lanean ari den elkartea da. Erakusketa jarri dute Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan, Hizkuntza indigenak Ama Lurra zaintzen izenekoa. Gaur hasi eta hilaren 21era ikus daiteke, 10:00etatik 20:00etara bitartean.
Bi helburu ditu erakusketak, Garabidekoek jakinarazi dutenez. “Batetik, kooperazio linguistikoa nola ulertzen dugun adieraztea, zein balio, zein garrantzi eta zein aukera dituen”, esan dute.
“Bestetik”, jarraitu dute, “isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutu ditzagun”.
Bisitariak hainbat kontakizun aurkituko ditu bertan, bakoitza hizkuntza batean. Gainera, bakoitzak mundu batera hurbilarazteko irudi bat izango du. “Indigenen hitzak eta begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta daude”, zehaztu dute.
Hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dela gaineratu dute. 2018n Aretxabaletan Garabide Elkarteak eta HUHEZIk antolaturiko Aditu Ikastaroan parte hartu zutenak dira.
“Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak; bizirik irauteko zailtasun ugari dutenak eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean daudenak, baina irauteko gogo biziz daudenak”.