Pasaiako establezimenduak sustatzeko hausnarketa prozesua abian da
Laurak Bat merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak bat egin du Pasaiako Udalarekin, herriko negozioen lehiakortasuna hobetzeko asmoz.
Laurak bat Pasaiako merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak, Pasaiako Udalaren laguntzaz, hausnarketa prozesu bati ekin dio udalerriko establezimenduak pairatzen ari diren aldaketei egokitu eta haien zerbitzuak hobetu eta indartzeko asmoz.
Sektoreak “aldaketa biziak” jasaten ari direla aitortu dute arduradunek, eta, ondorioz, ezinbestekoa dela lehiakortasunaren ikuspegitik elkarte sarea egokitzea: “Une zail hauetan elkarteak eraldatu behar dira sektoreei dagozkien modernizazio prozesuetan zeregin aipagarria eta aktiboa izateko”.
Aipaturiko prozesua PERCO Pasaia merkataritza suspertzeko planaren barruan kokatzen den jarduketa bat da. Horrekin bat eginez, udalak 18.029 euro (BEZ barne) bideratu ditu laguntza tekniko espezializatua kontratatzeko, elkarteak aholkularitza jaso dezan.