Lezoko hiru gune hartzen dituzte partzelek: Olaizola baserriko lurrak, Urrelekuko lursaila eta Gaintxurizketa Gaina. Hilaren 11ra arte eman daiteke izena.

Nekazaritza Lurren Funtsa proiektuaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 15 hektarea berri bideratu ditu Lezo eta Hondarribian nekazaritza ustiapena emango dioten gipuzkoarrentzat. Interesdunek telematikoki eman beharko dute izena Aldundiaren webgunean, hilaren 11 baino lehen Lezoko deialdian, eta hilaren 16a baino lehen Hondarribikoan.
Lezoko deialdiko lurren esleipena 10 urterako izango da, beste 20 urtez luzatzeko aukerarekin. Hiru gune hauetan kokatzen dira:
- Olaizola baserriko lurretan lau partzela, bakoitza hektarea ingurukoa eta baratzegintzara (konbentzionala edo ekologikoa) zuzendutakoak.
- Partzela bat Urrelekuko lursailetan animalia txikientzako abeltzaintzarako.
- Gaintxurizketa Gaineko lursailetan, nekazaritzarako partzela bat.
Hondarribiko lursailari dagokionez, berriz, handiena da (11,85 Ha), eta lehen aldiz Hondarribiko Zubieta finkan kokatzen da, zeina sagarrondoak landatzeko bideratua izango den. Esleipena 15 urterako izango da, beste 15 urte luzatzeko aukerarekin.
Lursailak izendatzerakoan, lehentasuna emango zaie modu profesionalean jarduera nagusi gisa nekazaritzan aritzen diren pertsonei, gazteei eta emakumeei.