Hirugarren urtez jarraian irabazi du Katerin Artolak Aurresku Txapelketa
Elkarren segidako hirugarren txapela ekarri du Artolak etxera. Ez da oiartzuar bakarra izan podiumean, Martin Etxebestek hirugarren postua lortu baitu.
Elkarren segidako hirugarren urtez izan da Katerin Artola oiatzuarra Euskal Herriko Aurresku Txapelketa Nagusiaren irabazle. Aurtengoa hirugarren ekitaldia izanik, hiru txapelatik hiru eskuratu ditu Artolak. Martin Etxebestek oiartzuarrarekin partekatu du podiuma, hirugarren izan baita bera aurtengoan.
Joan den larunbateko 18:30etik aurrera lehiatu zen hirugarren txapelketa Hondarribiako Itsas etxea aretoan, Hondarribiako Udalak, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Egoipar eta Ibarla Meaka dantza taldeek antolatuta.
Guztira hamabi dantzari igo ziren oholtzara: Markel Goenaga (Elgoibar), Mattin Etxebeste (Oiartzun), Olatz Azkue (Lezo), Jone Gil (Elgoibar), Iker Belintxon (Lezo), Eneko Etxaniz (Elgoibar), Irati Olaizola (Legazpi), Maddalen Oñederra (Elgoibar), Katerin Artola (Oiartzun), Maider Encina (Legazpi) eta Jon Etxeberria (Elgoibar).
Jose Luis Vallejok, Nahikari Vizuetek eta Maria Fereirok osaturiko epaimahaia Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak izendatu zuen. Haien erabakia izan zen, hain zuzen, honako sailkapena egitea aurresku dantzarien artean:
- 1. saria: Oiartzungo Katerin Artolak jaso zuen lehen saria. Gipuzkoako Euskal Dantzarien biltzarreko trofeoa, Hondarribiko Udalaren trofeoa, Txapela eta 400 euro jasotzeaz gain, Patxi Epelde eskultorearen lana hurrengo edizioa ospatu arte Oiartzungo udaletxean mantenduko da berriro.
- 2. saria: Bigarren postua Elgoibarko Eneko Etxanizentzat izan zen. Hondarribiko Udalaren trofeoa eta 300 euro eraman zituen etxera Etxanizek.
- 3. saria: Podiuma Martin Etxebeste oiartzuarrak itxi zuen, Hondarribiko Udalaren trofeoa eta 200 euro jasoaz.