Poesia Lezoko kaira iritsi da
Hilaren 16, 18 eta 20an egingo dituzte Poesia Kaia egitasmo berriaren emanaldiak Lezon. Santo Kristo elizan da azkena, musika kontzertuarekin.
Hilaren 16, 18 eta 20an Poesia Kaia egitasmoaren lehen edizioa egingo dute Lezon. Gaur aurkeztu dute. Egitasmoa jaioberria, txikia dela nabarmendu du Xanti Val Lezoko Udaleko Kultura teknikariak, baina aldi berean irauteko asmoz ondu dutela. Eskerrak eman dizkie teknikariak emanaldiak osatzeko laguntza eman dutenei, tartean Juan Ramon Makusori: “Zuek denak etortzeak entitatea ematen dio egitasmoari. Juan Ramonekin hitz egiten, bere aspaldiko kezka bat gauzatzeko aukera Lezon bazegoela pentsatu genuen. Lezok apustua egin du, eta aurrera aterako da”. Izan ere, gaurko agerraldian Valekin eta Makusorekin batera, Aritz Gorrotxategi, Peio Otxoteko eta Felipe Juaristi olerkariak izan dira, denak Balea Zuria argitaletxeko kideak. Makusok nahiz Valek adierazi dute egitaraua indartsua, eta lezoarrak nahiz bisitariak asetzeko modukoa dela.
Makusok zehaztu du Balea Zuria argitaletxea 2017an sortu zutela. Ordutik hainbat argitalpen ekarri dituzte jendartera, baita zenbait egitasmo garatu ere, tartean Donostian egiten dituzten poesia eta pentsamendu jardunaldiak (2022an 15. edizioa izango du horrek). Beraz, argitaletxe izateaz gain, eragile kultural ere bada Balea Zuria. “Horren adibide da gaur Lezon aurkezten ari garena, Poesia Kaia. Lezon poesiari ate berri bat zabaldu nahi diogu. Gure asmoa izan zen galderak egiten hastea, eta jarraituko dugu galderak egiten. Galdetzea, azalekoan ainguratuta ez geratzea baita. Galderek beti ez dute erantzun egokirik, eta guk ere erantzun horiek ez ditugu topatu. Agian egiarekin egiten dugu amets, baina zalantza gara. Egarri horretatik sortu da Lezon Poesia Kaia”, azaldu du Makusok. Metafora modura portura jauzi egin dute, “edo hobe esanda itsasora”, Lezoko Poesia Kaia sortuz.
Egitarauan sakondu du Makusok. Hilaren 16an (19:30ean, Gezalan), Itxaro Bordak errezitaldia eskainiko du, Olivier Cavalié musikari eta laguna ondoan izango duela. Balea Zuriarekin iaz Bordak atera zuen Avaro liburuan dago oinarrituta ikuskizuna.
Hilaren 18an (19:30ean, Gezalan) euskaraz eta katalanez poesia, Aintzane Galardi oiartzuarrarekin eta Mireia Calafell kataluniarrarekin. “Hizkuntza ezberdinetako poesia ekarri nahi izan dugu Lezora”, adierazi du Makusok. Errezitatuko diren poemak itzuliko dituzte, jendeak esku artean izan ditzan. Gainera, emanaldiaren ondorenean, Ramon Andres Elizondon bizi den musikari (gaztetan), poeta eta filosofoarekin solasaldia izango da; besteak beste, 2021eko Espainiako Saiakera Sari Nazionala irabazi du Andresek, baita 2020ko Kritikaren Saria ere. Antolatzaileek nabarmendu dute luxua izango dela hura Lezon egotea.
Hilaren 20an, (20:15ean, Santo Kristo elizan) musikarekin uztartuko dute saioa Jose Angel Hernandez eta Oihane Garmendia poetek. Hernandez jatorriz Salamancakoa (Espainia) da, baina erro sendoak ditu Bidasoan eta Oarsoaldean urte luzez bertan bizi izan delako, eta egun Katalunia du bizitoki. Garmendia, berriz, Nafarroako Erronkarikoa da, eta Iruñeko Ateneoaren poesia lehiaketaren irabazle izan da. Arrate Zubigarai Orbea (organoa) eta Jon Makuso Arrizabalaga (biolina) izango dira musikaren atalaren arduradun errezitaldiaren ondoren, Bach-en eta Frantziako musikaren errepertorioarekin. Santo Kristoko organoa egoki dagoela ziurtatu dute antolatzaileek.