"Eraiki zuten gezurra desmuntatzen saiatu naiz liburuarekin"
‘Crimen sin castigo’ liburua argitaratu berri du Xabier Susperregi Oiartzunen bizi den errenteriarrak. Zugarramurdiko 16 urteko gazte baten hilketaren atzean eraikitako gezurra agerian jarri nahi du. Liburua igandean aurkeztu zuen Zugarramurdiko Sorginen museoan 12:00etan.
Zugarramurdin aurkeztuko duzu liburua igandean. Bertako gazte baten hilketaren inguruan eraikitako gezurra desmuntatu nahi duzu liburuaren bidez.
Miguel Mari Iturbidek 16 urte zituen 1965ean hil zutenean. Garaian, pistola bat zuela eta Guardia Zibilari aurre egin ziola kontatu zuten, baina hori eraiki zuten gezurra da. Guardia zibil batek hil zuen tiro eginda, bera kontrabadoan ari zen bitartean, eta gero pistola bat jarri zioten ondoan enfrentamenduaren bertsioa mantentzeko. Crimen sin castigo —Zigorrik gabeko hilketa— liburuan gezur hori desmuntatu nahi izan dut. Halaber, liburu horretan beste biktima batzuei lekua eman diet: Mikel Zabalza, Joxi Zabala, Juan Carlos Garcia Goena, eta Jose Antonio Cardosa, GALek bonba gutun batekin hil zuen postaria. Cardosaren anaia, txikitako lagun onena nuen eta berarekin zorra nuela sentitzen nuen. Liburua omenaldia ere bada.
Zer izan da zailena liburua osatzeko prozesuan, gogorrena egin zaizuna?
Zailena Zugarramurdiko Guardia Zibilaren koartelera joan nintzenean izan zela esango nuke informazio bila. Berehala erantzun zidaten, epaile baten agindurik gabe ez zidatela beraiek informaziorik emango.
Gertaeraren berri nola izan zenuen, kasualitatez izan zen ezta?.
Hala da bai. Oiartzungo Udalarentzat sorginen gaineko liburua prestatzen ari nintzen, eta Zugarramurdira joatea erabaki nuen kondairarik ba ote zegoen-edo ikertzera. Batekin eta besterekin hitz egin nuen, eta tartean neska bat ezagutu nuen; hark informazioa bazuela esan zidan egunkarietan jasotakoa, eta entzundakoa, herrian izandako gertaerez, eta batek bereziki ukitu zuela esan zidan, Miguel Mari Iturberenak. ETAkidea zela zabaldu zuten herrian, arma zuela, eta guardia zibilari aurre egin ziola. Kontua da atzetik egin ziotela tiro. Bera hil ostean, tiro egin zion guardia zibila Zugarramurdin barrena lasai ibiltzen zela eta pasiatzen jubilatu zenean, kontatu zidan neska horrek, Iturberen gainean gezurra eraikita. Horrek amorrua ematen zion.
Herriko jendearen testigantza jasotzerik izan duzu?
Gauzak jakin bai, baina gaiaz ez zuela hitz egingo esan dit jende askok. Kontaketa egin duten pertsonen izenak ez dira azaltzen, haien identitatea babesteko.
Uste duzu lortuko duzula zure helburua liburuaren bidez, egia azaleraztea?
Hala espero dut. Gazte horren historia, bere heriotzaren bueltan gertatu zena distortsionatu egin zuten, eta hala gelditu da batzuentzat. Uste dut garrantzitsua dela egia argitara ateratzea. Liburuarekin gainera, omendu egin nahi ditut Iturbe eta aipatutako beste guztiak. Uste dut bere oihartzuna izango duela; omenaldi ere antolatu da hura oroitzeko. Gertatzen dena zera da, hil zuen guardia zibilaren familia politikoak pisu handia duela herrian, eta jendeak ez duela aurpegia eman nahi. Nik egia kontatu nahi dut, Miguel Maria Iturbe gazteari benetan gertatu zitzaiona azaldu .