'Haurren aurrean helduok heldu' iniziatiba aurkeztu dute, eredugarritasunean eragiteko
Haurrekin harreman zuzena duten helduen hizkuntza praktiketan eragin nahi dute, hilaren 22tik abenduaren 5era. Oiartzun da 80 herrietako bat.
Euskaltzaleen Topaguneak, Euskarak 365 egun lan ildoaren barruan, Haurren aurrean helduok heldu ekimena jarri du abian. Hilaren 22tik abenduaren 5era bitartean egingo da, eta gaur aurkeztu dute.
Euskaraldiaren aurtengo hutsunea, nolabait, ordezten duen iniziatiba izango da. Euskal Herriko 80 udalerrik bat egin dute, tartean Oiartzunek.
Ariketa praktiko horren helburua izango da guraso, hezitzaile, lagun heldu, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko -hau da, helduen arteko- hizkuntza-praktikak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea.
Herriko plazetan, parkeetan, eskola irteeretan, etxeetan eta helduak haurrekin biltzen diren inguruetan antolatuko dituzte ariketak.
“Euskaldunok euskaldunokin, euskaraz”
Euskaraldian sustatzen diren jarrerak sustatu nahi dira, kasu honetan gizartearen talde konkretu batekin.
Horrela azaldu du Arrate Gisasola parte hartzaileak: “Euskaldunok euskaldunokin euskaraz egiten dugu arau soziala indartu nahi du ariketak: solaskideek, euskara dakiten kasuetan, euskaraz egiten, lehen hitzak euskaraz egiten eta kideak ulertu bai, baina euskaraz hitz egiten ez badu euskarari eusten”.
Helduen eredugarritasunari ere erreparatu nahi diote antolatzaileek, eta arau sozial horiek eremu horretara eraman. Izan ere, haurrek euskaraz hitz egiten jakin bai, baina eredurik ez baldin badute ikusten, nekez arituko dira.
“Euskara egoera eta testuinguru guztietan ohikoa dela sumatu behar dute haur eta gaztetxoek, etorkizunean beraiek ere hala jokatzea nahi badugu”, gaineratu du Gisasolak.
Herriz herri
“Topagunean oso garbi dugu, euskararen biziberritze-prozesua, batez ere, eraldaketa sozialeko prozesua dela”, esan du Kike Amonarrizek.
“Garrantzitsua da, sektorez sektore, herriz herri eta auzoz auzo erabileraren aldeko dinamikak aktibatzea eta sustatzea. Horretara ere badator Haurren aurrean, helduok heldu ekimena”, gaineratu du Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.
Bere esanetan, eskola ez da nahikoa, nahiz eta askok ikastetxeen bizkarretan uzten duten erantzukizuna; gizartearen esparru guztietara zabaltzea da helburua.
Goiatz Urkijo Euskaltzaleen Topaguneko koordinatzaileak laburbildu du iniziatibaren helburua: “Parte-hartzaileei eskatuko diegu pentsa dezaten norekin alda ditzaketen hizkuntza ohiturak parkean, eskola inguruan edo umeekin egiten dituzten bestelako ekintzetan; baita kide horiei elkarrekin ariketa egitea proposatzea ere”.
Horregatik, herriz herri eta auzoz auzo ekitaldiak egingo dituzte (zerrenda osoa hemen ikus daiteke). Oiartzunen datozen egunetan emango dute hilaren 22tik abenduaren 5era bitartean egongo diren ekitaldien berri.