Antzerki fisiko laborategia, bueltan da
Metamorfosia II antzerki fisiko laborategia antolatu du berriz DesAires antzerki konpainiak. Xabi Lopez 'Jabato'-k gidatuko ditu saioak, eta aurtengo gaia pertsonai komikoaren bilaketa izango da.

Pertsonai komikoaren bila abiatuko dira aurtengo jardunaldietan.
Iaz pandemiaren eraginez geldialdia egin ostean, berriz martxan jarri du DesAires antzerki konpainiak Metamorfosi II teatro fisiko laborategia. Xabi Lopez Jabato antzerkigileak eskainiko ditu saioak, 10:00etatik 14:00etara abenduaren 27etik 30era eta urtarrilaren 3etik 5era.
Aurten, animalietatik abiatuko dira eta pertsonai komikoaren bilaketa izango da ardatza Lopezen hitzetan: “Pertsonaia bat eraikitzera edo deseraikitzera iristeko modu asko daude, baina bidaia zehatz honetan animalien bidez egingo dugu neurri handi batean. Lurreko zein itsasoko fauna erabiliko dugu”.
Jardunaldi hauek sortzerakoan, Jaques Lecoq aktorearen pedagogian inspiratu direla azaldu du Lopezek, eta era honetan, mundu sentsorial batean barneratu nahi dutela adierazi du.