Hatzamarkaren erakusketari eraso egin diotela salatu dute
Larunbat goizean jarri zuten indarkeria matxistari buruzko erakusketa. Osorik 24 ordu baino gutxiago egon zela salatu neska gazteen taldeak.
Hatzamarka neska gazteen taldeak erakusketa bat prestatu eta pasa den larunbat goizean jarri zuen, Killirikupen. Azaroaren 25a ikusmiran, indarkeria matxista salatzeko asmoz, hainbat fitxa zintzilik jarri zituzten harietatik.
Biolentzia sexistarekin lotutako albiste asko bildu, eta horiekin osatutako bost errenkada zabaldu zituzten zutabeetatik hormara. Modu horretan, indarkeria matxistaren bizirik dagoen izurria dela ikustarazi nahi zuen neska gazteen taldeak.
Erakusketak, bere osotasunean, 24 ordu besterik ez zituela iraun salatu dute Hatzamarkako kideek: larunbat goizean jarri zituzten bost errenkadetatik bakarra geratzen zen biharamunean.
Eraso horren harira, hausnarketarako galdera luzatu dute: “Larunbat gaua delako dena zilegi da Oiartzunen? Dena onartu behar dugu beste behin emakumeok*?”.