Oiartzuerazko hitzekin podcasta egiteak saria ekar dezake
Ttur-ttur Euskaltzaleon Elkarteak bukatu du oiartzuerazko hitzen erronkaren lehen zatia. Orain horiek erabiltzea animatu dute.
Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak pasa den astean egin zuen oiartzuerazko hitzak sustatzeko bigarren dinamikaren azkeneko proposamena.
Orain, azken hamar asteetan landutako hitzekin beste proposamen bat egin dute: audio bat grabatzea hitz horietako bat —gutxienez— erabiliz.
Parte-hartzaile bakoitzak nahi beste lan entrega ditzake, eta jatorrizkoa eta argitaratu gabea izan behar duela esan dute.
Gaia zein formatua libreak izango direla jakinarazi dute: elkarrizketa, pasartea, berria, hausnarketa, mikroipuina, bertsoa, kanta, txistea… Grabaketa, gehienez, bost minutukoa izango da.
Lanak e-posta bidez helarazi beharko dira, Ttur-tturren helbide elektronikora. Abenduaren 6a baino bidali beharko da audio fitxategi hori.
Sariak eta hitzak
Sariak Ttur-tturrek izendatutako epaimahaiak erabakiko ditu. Lehenengo saria Intxixu jatetxean bi pertsonentzako asteburuko bazkaria izango da. Bigarren saria, berriz, Garmendi txokolategian bi pertsonentzako gosaria izango da.
Saritutako lanak Oiartzun Irratiaren bitartez aireratuko dituzte.
Honakoak dira podcasta egiteko hitzak: Aieka, Itoti, baldimetan, ailletu, bazter, ahittu, amakiña, enpu in, eju eta harrika bota.