Juan Mari Beltranek Ondare Saria jaso du, "ibilbide oparoagatik"
Herri musikaren dibulgatzaileak San Telmo museoan jaso du aitortza. Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen du Ondarea Saria.
Juan Mari Beltranek Ondare Saria jaso zuen atzo arratsean, Donostiako San Telmo museoan egindako ekitaldian. Herri Musikaren Txokotik —besteak beste— egindako kulturaren dibulgazio lana aitortu nahi izan dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Epaimahaiak —behean irakur daiteke epaimahaikideen zerrenda— aho batez erabaki du sariaren laugarren ekitaldiko garaikurra Beltrani ematea. Haien ustez, aurreko ekitaldirako ezarritako irizpideek Beltranentzako ere balio dute.
Irizpide horiek zerrendatu zituzten: “Jardunbidearen ibilbidea eta sakontasuna, eta, besteak beste, proiektuaren berezitasuna (pertsonala edo kolektiboa); nazioarteko aintzatespena; lurraldean duen ezarpena eta oihartzuna; eragindako kultura eta gizarte eraldaketa; sinergiak sortzeko gaitasuna…”.
Epaimahaiak Juan Mari Beltranen ibilbide oparoa eta euskal musika herrikoia eta instrumentuak ikertzen, interpretatzen, sustatzen eta zabaltzen egindako lan handia aitortu dizkiote sariarekin.
Beltranek Harkaitz Millan Kultura ahaldunaren eskuetatik jaso zuen saria. Oiartzungo Udaleko bi ordezkari ere sari emateko ekitaldian izan ziren: Olga Leibar eta Iosune Cousillas zinegotziak. Egindako lanagatik zoriondu du udalak. “Merezitako aitortza da”, zehaztu dute.
Epaimahaia
- Juan Bautista Mendizabal Juaristi, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko lehendakaria.
- Rocio Peña Azpilicueta, Peña Ganchegui artxiboko zuzendaria.
- Carlos Olaetxea Elosegi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailuko eta Museoen Zerbitzuko burua.
- Susana Soto Aranzadi, Donostiako San Telmo Museoko zuzendaria.
- Maria Jose Telleria Etxeberria, Kulturako zuzendari nagusia.
- Gabriela Vives Almandoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko burua.