Neurrira jositako soinu banda
700. urteurrenaren harira sortutako 'Herri Taupada' obra estreinatuko du Musika Bandak ostiralean Santa Zezilia kontzertuaren barruan. David Rivas konpositoreak konposatu du.
Aizpea Otaegi, Alain Aierdi, Josu Mitxelena eta Maite Gartzia gaur kontzertu berezia aurkezteko unean. Udalerriaren 700 urteurrenaren harira, anbizio handiko proiektua jarri zuen martxan EMKE Musika Bandak: Herri Taupada 700. urteurreneko obra. Pandemiak ez zuen ahalbidetu hura agertokira eramatea, eta urte eta erdi geroago helduko da emanaldi berezia. Mimo handiz prestatutakoa da, musika bandak eskaintzen duen kontzertu bakoitza bezala eta gaur eman dituzte ostiralean Fatima Andra Mariaren elizan emango duten kontzertuaren xehetasunak, alain Aierdi zuzendariak, Josu Mitxelena EMKEren presidenteak, Aizpea Otaegi alkateak, eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak.
Abiatutako proiektu bakoitzaren atzean bezala, honetan ere, ilusioa nabarmendu zaie EMKEren bi ordezkariei, gogoa, eta ideia bat nabarmendu du enegarrenez Mitxelenak, “Kultura ezin da eten. Egoerara moldatu beharko dugu, plan alternatiboak landu, guztia birpentsatu, baino inoiz ere ez eten”. Ilusio berezia sentitu duela kontzertuari begira agertokia moldatzen aritu direnean ere aitortu du EMKEren presidenteak, “bi urte generamatzan bertan emanaldirik egin gabe, eta itzulera kutsua hartu du emanaldi honek”. Maitea dute oso eliza hori, eskaintzen duen akustika “paregabea” baita haien esanetan, “luxua”.
Santa Zezilia egunaren bueltan helduko da urteurrenerako berariaz prestatutako kontzertua, eta duela urte eta erdi prestatu moduan mantendu duela esan du Aierdik, “hain pozik gelditu nintzen prestatutako programarekin, hain biribila iruditu zitzaidan ezertxo ere aldatu gabe mantendu dudala”. Ostiraleko kontzertuan barrena, musika bandek izan duten garapena ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, “obra guztiak dira bandarako idatziak, programa, gutizia da”. XIX. XXI. mendera eramango ditu entzuleak Musika Bnadak, Ludvig Van Bethoven, Saint Saens, Gordon Jakob, FRank William Erickson, eta David Rivasen lanen bidez.
Obraren gainean mintzatu da ondoren zuzendaria. Urteurrenak tamaina horretako zer edozer sortzea merezi zuen zalantzarik ez du, “musika jotzen dugu, baina kultur ondareari ekarpena egitea, gehitzea ere, eta obra berri hau ondare handi hori aberastera dator”. Ondarean geldialdi bat egin du Aierdik, nabarmentzeko artxiboan benetako altxorrak dituztela, eta hori izango dela bandaren egitekoetako bat, “eskuz idatzitako obrak ditugu artxiboan, benetako harribitxiak”. Julian Lavilla Errenteriako konpositorearen lanak berreskuratzen ari dira ondare hori handitzeko.
Urteurrenari begirako obrarekin jarraitu du Aierdik, eta egileari aipamen berezia egin nahi izan dio, lan ederra eta berezia josi duela nabarmenduta. David Rivas konpositorea dago obraren atzean. Torokoa da (Zamora, Espainia), eta egun panorama musikalean dauden konpositore handienetako bat. “Errenteriako informazio pila bidali genion obra egiteko, eta musika bandako hamar kidek ere hartu dute parte prozesuan, oso polita izan da eta emaitza, paregabea, berriz”. Hiru koadro sinfonikoren gainean eraiki du obra Rivasek, mugimendu azkarra, mantsoa eta azkarra konbinatuta. Koadro horiek, udalerriaren hiru garai ezberdinetan oinarrituta egin ditu Aierdik azaldu duenez, “Antzin Aroa Torrekuarekin irudikatu du, Erdi Aroa Añarberekin Errenteria-Oreretaren natura irudikatzeko, eta Aro Modernoa edo Manchester Txikia eta industrializazioarekin. Bigarren koadroan musika entzun daiteke, eta hirugarrenean, berriz makina hotsa”. Emaitza “ikusgarria” dea esan du zuzendariak.
Gonbidapenik ez da behar emanaldirako
Entzuteko, lehenengoz, ostiralera arte itxoin beharko da; 20:30ean hasiko da. 225 lagunentzako lekua izango da eta ez da aurretik gonbidapenik eskuratu behar. Hala ere, emanaldia grabatu egingo dute kalitate onean eta zabaldu gero nahi duen orok entzuteko aukera izan dezan.
Pozik azaldu da Otaegi Santa Zeziliako kontzertua zuzenean ikusi eta entzutea izango delako aurten, “ilusioz ikusten dut banda eta hori ere pozgarria da. Herri Taupada lehenengoz entzungo dugu gainera”. Herriarentzat berariaz sortutako musika obra hori ereserkia bilaka daitekeen galdetu du Otaegik, eta ez dela horretarako egokia erantzun diote Aierdik eta Mitxelenak, bai ordea Errenteria-Oreretaren soinu banda izateko. Obra entzuteko irrikaz dagoela gaineratu du Otaegik.
Maite Gartzia Kultura Zinegotziak zoriondu egin du banda egindako lanarengatik eta kontzertua, “mugarria” izango dela gaineratu du, “herritar guztiak animatu nahi ditut parte hartzera”.
Obraren egilea bertan izango da, eta oroigarria jasoko duela udalaren eskutatik jakinarazi dute gaurko agerraldian, “berak musika obra bat egin digu, eta guk oroigarria emango diogu”, esan du Otaegik.
Eta kontzertuaren bueltan, beste berri bat ere. Omenaldia jasoko du Musika Bandan musikari 25 urte bete dituen Joseba Etxanizek emanaldiaren barruan.
