[Erreportajea] Bide berri bati ekiteko atzean utzi beharrekoa
Indarkeria matxistak eta bazterkeria egoerak zigortutako zortzi emakume bizi dira Pasaiako Itsas Etxean. Epe ertaineko egonaldiak eurak ahalduntzea du helburu, kanpoan «bizitza berri bat hasteko».
Urtebetean %31 hazi da salaketa matxisten kopurua Pasaian, familia barruko erasoak direlarik hazkunde nabarmenena jasan dutenak (%200 egin dute gora horiek). Erasotzailea etxean zuten emakumeek biziraun besterik, ezer gutxi egin zezaketen itxialdia agindu zutenean, baina, etxea uzteko baimenak bestelako egiten al du egoera? Ihesean bere burua kalean, nora jo jakin gabe, ikusten duen emakumeak aukerarik ba al du?
«Etengabe ikusten ditugu albistegietan kalean, bakarka nahiz taldean, eraso matxistak jasan dituzten emakumeen kasuak. Baina, zer gertatzen da gero emakume horiekin?», hausnartu du Maialen Aguado Leibarrek; Pasaiako Itsas Etxea zentroko langilea da hura.
Emausek kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiaren zerbitzua da Itsas Etxea, epe ertaineko artatzea eskaintzen diena bertan bizi diren zortzi emakumeei. Indarkeria matxistaren biktimak ez ezik, sistemaren indarkeria estrukturalak behingo batean zigortutako emakumeak dira bertan bizi direnak.
Bi biolentzia horiek bat egiten duten kasuez mintzatu da Aguado: «Indarkeria matxista pairatu duten emakumeak izateaz gain, bazterkeria arriskuan dauden emakumeak ere badira hemen bizi direnak». Alegia, beste nolabaiteko gabeziak dituzte, direla ekonomikoak, etxebizitza arlokoak, maila pertsonalekoak… Gehienetan, gainera, laguntza sarerik ez duten emakumeak dira.
Azken gabetasun horrek are eta zaurgarriago bihurtzen ditu biktimak, langileak aitortu duenez, arras ezberdina baita sostengurik ezak sortzen duen egoera. «Ez da berdina indarkeria matxistaren biktima izatea babestuko zaituen familia edo harreman sare bat ez duzunean».
Pasaian egoitza duen —kokapena ezin da zehaztu segurtasun arrazoiengatik—Itsas Etxeak «bizitzak berak zigortutako» emakumeak hartzen dituela aitortu du Aguadok. Kale egoerak edo babesgabetasun nahiz bazterkeria kondizio larriak «problematika asko» barne hartzen ditu, nahasmenak edota bestelako desordena psikologikoak gara daitezkeelarik.
Maialen Aguado Leibar, Itsas Etxea zentroko langilea: «Ez da berdina indarkeria matxistaren biktima izatea babestuko zaituen sare bat ez duzunean»
Hori horrela, esku-hartze intentsiboa da emakumeen ahalduntzerako etxean egiten dutena. Zentroaren zuzendari Arantxa Etxeberriak bat egin du Aguadorekin etxean gertatzen den saretzeaz hitz egin duenean: «Gure lanean oso garrantzitsua da afektibitate loturak sortzea. Emakume hauek sarerik ez dute, eta familia kideekin harremanak oso apurtuta izan ohi dituzte». Esaldi berbera errepikatu dute biek: «Gu bihurtzen gara beraien erreferente».
Itsas egoitzaren atea atzean utzita emakume horien bizitza berriak nora jo ohi duen galdetuta, orotariko norakoak hartu ohi dituztela aitortu dute bi arduradunek, baina zentroan eraikitakoa beti, gerora ere, sostengu dute. «Asko eta asko etortzen dira gurera». Ez daude bakarrik. «Hain bortizki zigortuak» izan diren emakume horiek euren bidea egiten ikustea oso pozgarritzat jo du Aguadok.
Oinarrian matxismoa duen gizarte batean emakume izate hutsak berez dakarren zaurgarritasunarekin, bideak are bortitzago zigortu dituen horientzako bigarren aukera da Itsas Etxea. Iluntasuna iraganean utzi eta bide berri baterantz ateak zabaltzeko.
«Bizitako guztiarekiko kontzientzia hartu, atzean utzi, indartu, ahaldundu eta bizitza berri bat hasteko», Etxeberriaren arabera.
[Elkarrizketa] Arantxa Etxeberria. Itsas Etxea zentroko zuzendaria.
«Kalean egonda are agresio gehiago jasaten dira, ezinbestean»
Zein da Itsas Etxearen helburua?
Emakumearen ahalduntzea. Hori gauzatu ahal izateko leku seguru bat eskaintzea, non babesa jasoko duen, eta batez ere, denbora nahikoa izango duen lasai bizi eta profesionalen laguntzarekin lanketa egiteko, alderdi indibidual nahiz komunitarioan. Indar handia jartzen da emakumea bere bizitzaren protagonista bihurtze aldera.
Normalean, indarkeria matxista jasatetik datozen emakumeek denbora luze daramate baliogabetasun mezuak jasoz, eta finean, beren buruarekiko duten ideia, autoestimua, oso baxua da. Gaitu eta segurtasuna landu behar dugu.
Zenbat emakume bizi dira bertan?
Zortzi plaza iraunkor daude, eta urgentziazko beste bat. Azken hori pentsatua dago astebeteko zerbitzua eskaintzeko emergentziazko kasuetan.
Aldundiak ikusten badu emakume bat egoera larri batean dagoela non sarerik ez duen eta ezin zaion egoerari eutsi, bideratzen dute urgentziazko plaza horretara eta zazpi egunez hemen egiten dena da ostatua, egoitza, babesa, laguntza psikologikoa eta profesionalen babesa eskaini errekuperatzeko, ahalduntzeko, osatzeko, eta epe horretan beharren ezagutza bat egiteko, ase beharrekoak baloratuz.
Itsas Etxean gelditzea, edo ez, hautazkoa da.
Bai, guztiz. Bilatzen dena da, utzi nahi izatekotan, ahalik eta modu egokienean egitea eta beste egoitzaren baten bilaketan laguntza beharko balu hori ere eskaintzen zaio. Azken batean, hemengo helburua da emakumearen ongizatea, babesa, laguntza bultzatzea, betiere emakumea erdigunean jarriz, bere nahiak kontuan izanik, eta hor ahalik eta egokituena den laguntza eskainiz.
Arreta intentsiboa eskaintzen duzue, eta exijentzia maila baxukoa. Zertan datza?
Intentsitatea profesional kopuru aldetik dator, hau da, emakumeak jasotzen duen laguntza lantalde multidiziplinar batek eskaintzen dio, eta, finean, profesional piloa daude prozesuan: psikologo, gizarte langile, integratzaile eta orotariko profesionalak daude hari laguntzeko.
Bestalde, exijentzia maila hori egokitu egiten da emakumearen gaitasun nahiz egoerara. Alegia, emakumea zer onartzeko gai da? Zer emateko gai da? Adibidez, egon daitezke osasun mentaleko arazoak, harremanetarako trebezia gabeziagatik arazoak dituzten emakumeak, eta egon daitezke kontsumo arazoak dituzten emakumeak.
Zuk egitura oso zurruna baduzu ordutegi edo araudi aldetik, emakume hori ez da, seguru aski, gai izango arauetara egokitzeko. Zuk eskatzen badiozu ezertxo ere ez kontsumitzeko baina emakumeak horretarako zailtasunak baldin baditu, ez du gaitasunik edukiko bertan mantentzeko, lanketa bat egin behar duelako oraindik maila horretan.
Ahalbidetzen dena da lanketa hori egitea edota, behintzat, kontzientzia maila areagotzea. Gure ikuspegia emakumearekiko beti da ulerkortasunetik; ulertu zer egiteko gai den, gaitasunik ez dagoenean horretara egokitu, eta emakumea erdigunean jarriz gure esku-hartzea egokitu behin eta berriro.
Dinamika horrek ahalbidetzen duena da emakumea zerbitzuan mantentzea; hori da Foru Aldundiak Itsas Etxea sortzearen oinarria. Zer gertatzen da behar asko dituzten emakumeak (osasun mentala, elkarbizitza arazoak, kontsumoa…) zentroetan dauden araudi horietara ez egokitzeagatik kaleratuak direnean? Azkenean, emakumea kalean gelditzen denean babesgabetasun egoera batean kokatzen dugu. Kontua da nola esku-hartu, zer aldatu eta zer egin emakume horiek azkenean ez kalean bukatzeko.
Hori bazterkeria egoerak kontuan hartzeko litzateke, baina indarkeria matxista ere nahaste denez kasu batzuetan, Itsas Etxea sortu zen halako egoerei erantzuteko.
Zaurgarritasun bikoitza jasatetik datoz.
Hala da, indarkeria estrukturala delako, eta sistemaren indarkeriari bortizkeria matxista batzen zaio kasu horietan.
Gurera datozen emakumeek kontatzen dute kalean egonda are agresio gehiago jasaten direla, ezinbestean.
Zer gertatzen da behar asko dituzten emakumeak zentroetan dauden araudi horietara ez egokitzeagatik kaleratuak direnean?
Prebentzioa nola landu daiteke?
Hezkuntzarekin ez ezik, juridikoki ere zerbait egin beharra dago. Azken aldian oso kezkatuta naukate geroz eta gehiago entzuten diren emakume bakarrarekiko talde erasoek. Duela gutxi testu bat irakurri nuen eta hor aipatzen zen pornografian zein irudi ematen den emakumeari buruz, eta badirudi emakumea erabil daitekeen zerbait dela. Legeak zerbait egin beharko luke horrekin.
Hor esparru bat bada, aldatzen ez den bitartean, irudikatuko duena emakumea dela gizonezkoen plazerak asetzeko nahieran erabil daitekeen zerbait; eta, gainera, badirudi min emanda disfrutatu egiten duela. Oso arriskutsua da hori. Juridikoki pausoak eman behar dira kontsumitzen duguna arautzeko.
Legeak babesik eza areagotzen al du?
Lan asko dago egiteko. Egiatzat jo beharko genituzke ehun salaketatik, ehun; lotsagarria iruditzen zait gaia beti mahai gainean egotea, salaketa faltsuen portzentaia hain txikia denean, non esanguratsua ere ez den. Manipulazio hori, finean, emakumearen kontrako beste tresna bat besterik ez da.