Hauspoa eta arnasa euskarari
Programazio zabal eta bateratuarekin heldu da Euskararen Eguna Errenteria-Oreretara. Horren erakusle argiena, atzo arratsaldean Xenplar bertsolariaren omenezko eskultura aurrean herriko hainbat eragileek eskaini zuten agerraldi jendetsua.

Programazio zabal eta bateratuarekin heldu da Euskararen Eguna Errenteria-Oreretara. Horren erakusle argiena, atzo arratsaldean Xenplar bertsolariaren omenezko eskultura aurrean herriko hainbat eragileek eskaini zuten agerraldi jendetsua. Euskararen normalizazioarekin zerikusia duten eragileak hitzordua izan zuten atzo agerraldi horretan, baina baita, euskararekin zuzenean harremana ez duten eragileak ere. Itziar Ostolaza Hizkuntz Politikako zinegotziarekin batera izan ziren atzo arratsaldean agerraldi horretan Lau Haizetara Euskaltzaleon topagunea, Xenpelar AEK Euskaltegia, Errenteriako Udal Euskaltegia, Oz Zinema, Herri Arte Eskola, Badalab Gizarte eta Hizkuntza Berrikuntza Laborategiko ordezkariak, eta udal teknikariak.
Euskararen Eguna urteko denak direla nabarmenduta, Abenduaren 3ak aitzaki bat eskaintzen duela aitortu zuen Ostolazak euskara plazara ateratzeko, “nahi izan dugu egun horren bueltan, urtean zehar izaten ditugunak baino topagune, edota euskaraz jardun, aritu, eta bizitzeko espazio eta arnasgune seguru gehixeago eskaini”.
Egitaraua oso zabala da eta askotarikoa: Hitzaldiak, kontzertua, bertso saioak, irakurraldia, mintzodromoa … eta atzean lankidetza berriak daudela nabarmendu zuen bereziki Hizkuntz Politikako zinegotziak, “interesgarria da oso euskalgintzako eragile zuzena izan gabe ere gehitzea”. Ondoren programazioaren barruan mugarri diren hainbat ekintza nabarmendu zituen. Oz Zinemarekin lankidetzan emango duten Paperezko Hegoak dokumentala aipatu zuen lehenik Ostolazak. Dokumental horrek, Egunkariaren itxieraz hitz egiten du. Nola prestatu zuten Euskaldunon Egunkariaren kontrako operazioa, zer dela eta Espainiako Estatuak erabaki zuen haren kontra egitea, zein helburu zuten euskalgintzako pertsona ezagun eta prestigiodunak atxilotu eta torturatuta, edota zegatik itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko egunkari bakarra galderak erantzuten ditu dokumentalak.
Badalab Gizarte eta Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak egitarauaren barruan lehen ekitaldia antolatuko duela Errenteria-Oreretan ere aipatu zuen Ostolazak mugarri gisa. Gazteei begira The future Game, Bihar zer? #Denbora Bidaia topaketa antolatu du laborategiak. Proiektuaren barruan etorkizunaren gainean makro inkesta egin dute 10.000 gazte baino gehiagoren parte hartzearekin. Ondoren 2050 esperientzia jarri du martxan laborategiak, eta bertan 100 gazte elkarlanean ari dira lau astez. Gazteen arteko topaketa irekia da, eta abenduaren 2an, Lekuonan, etorkizunari buruz ikuspegiak elkartrukatu eta 2050 urteko kuadrillak nolakoak izan daitezkeen irudikatuko dute.
Herriko euskalgintzan eta hizkuntz errealitatean motor nagusia den Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak hainbat ekitaldi gehitu dizkiola egitarau oparo eta aberatsari nabarmendu zuen zinegotziak, eta Errenteria-Oreretako bi euskaltegiek, Udal Euskaltegiak eta Xenpelar AEK-k, antolatutako mintzodromoa lehen lerroan jarri zuen, “herriko euskara ikasleak nahastu daitezen, eta elkartu daitezen, segurtasun neurri guztiak errespetatuz”.
Udalak antolatutako ekintzen inguruan bi aipu nagusi egin zituen: Herriko hizkuntzen maparen aurkezpena batetik, eta
Herriko Hizkuntzen Mapa azaroaren 29an aurkeztuko du Lekuona Fabrikan Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak, “mugarri garrantzitsua da udalarentzat bizikidetza linguistikoaren bidean. Urteak daramagu esaten gure herria anitza dela hizkuntzen ekologiari dagokionean ere, eta nolabait, klusterraren eskutik jasoko dugu herriaren argazki eta mapa osatu bat, errealki bizikidetza horretan gaur egun elkarrekin bizi diren hizkuntza horien inguruan”. Behin argazki hori edukita asmoa, lan ildo bat garatzea dela bide horretan gaineratu zuen.
Bilduma herri aldizkarirako Beatriz Gallego antropologoak idatzitako lana nabarmendu zuen mugarri horien barruan, bestetik, “gure herriaren memoria berreskuratuz nolabait, Gallegok jaso egin du euskalduntzearen prozesuaren hastapenak eta garapena, Gau eskoletatik abiatuta zein ibilbide izan duen euskalduntzeak gurean. Garrantzitsua da euskalgintzaren memoria eta gure herriaren memoria jasotzeko”.
Berritasunen atalean, berriz, irakurketa jarraitua. Herritarrei irekia izango da eta Eider Rodriguez idazle errenteriarraren Bihotz Handiegia liburua aukeratu dute horretarako.
Azken aipua Euskararen Egunean bertan, Abenduaren 3an, antolatutako ekintzak: Familia jolasean, kuadrillategi, bertso saio literarioa Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariak eta Oier Gillan gai jartzailearekin, ipuin kontaketa, eta Herri Arte Eskolaren Kantuz Jalgi Plazara emanaldia. Abenduaren 4ko kontzertuari ere aipamen berzia, Lekuonan hartuko du eta gazteei begirakoa da; Skakeitan taldea eta Kai Nakai reggaeton abeslari arabarra arituko dira.
Emanaldietarako sarrera edo gonbidapenak, online eskura daitezke.
Egitarau
- Azaroak 19, 20, 26 eta 27: 19:00 Xenpelar Etxean, XXV Xenpelar saria. Antolatzailea: Xenpelar Bertso eskola
- Azaroak 26: 19:00 Niessen kultur aretoan Oarsoarrak Sariak. Antolatzailea: Oarsoaldeako euskara batzordea. Urtero euskararen inguruko praktika onak saritzen dira bailaran eta aurten Pello Jauregi, Kuadrillategiren sustatzailea eta Labore kooperatiba izan dira hautatuak.
- Azaroak 29: 19:00, Lekuona fabrikan, Herriko hizkuntzen maparen aurkezpena. Antolatzailea: Errenteriako Udala. Udalak Soziolinguistika klusterrari eskatutako lanaren aurkezpena, Belen Urangaren eskutik. Errenteriako hizkuntzen aniztasuna zein den eta herrian zehar nola banatzen den azalduko da, besteak beste.
- Azaroak 30: 10:00 eta 16:00, Jose Luis Caso aretoan Mintzodromoa. Antolatzailea: Lau Haizetara. AEK eta Udal Euskaltegiko ikasleak bilduko dira euskara praktikatzeko. Euskaltegietako ikasleez gain nahi duen herritar oro gonbidatuta dago saio hauetara.
- Azaroak 30: 19:30, Niessen zinemetan, Paperezko hegoak dokumentala. Antolatzailea: Oz Zinema
- Abenduak 1: 19:00 Xenpelar etxean hitzaldia: Zeinek esango zigun. Antolatzailea: Errenteriako Udala. Beatriz Gallego antropologoak Bilduma herri aldizkarirako egin duen lana aurkeztuko du. Lan hau, Beatrizek hasierako gau eskoletatik hasi eta 1985 bitartean euskara ikasten eta irakasten aritu zen jendearekin hitz egin ondoren egindako lana da.
- Abenduak 2: Bihotz Handiegia liburuaren irakurketa jarraitua. Goizeko 9:00etan hasita, eguerdira arte Eider Rodriguezen liburu honen irakurraldi jarraitua egingo da. Hiritar guztiak gonbidatuak daude jarduera honetara, nahi duen orok izena eman dezake azaroaren 26 a bitartean.
- Abenduak 2: 18:00 Lekuona fabrikan, BADALAB THE FUTURE GAME, Bihar zer? #denbora-bidaia. Etorkizunari buruz ikuspegiak elkar trukatu eta 2050ko kuadrillak nolakoak izan daitezkeen irudikatuko dugu. Lagun talde askotarikoagoak? Botiloi jasangarriagoa? Harreman, hizkuntza eta identitate fluidoagoak? NOLA?
- Abenduak 3, Euskararen Eguna: 17:30ean: Ipuin kontaketa Lur Kortarekin 3-5 urteko haurrentzat Lekuona Fabrikan. 18:00etan: Familian Jolasean Markola eraikinaren jolastokian; 18:00etan: Kuadrillategi Foru plazan; 18:00etan: Herri Arte Eskolaren Kantuz jalgi plazara emanaldia Xabier Olaskoaga Plazan; 18:20an: Ipuin kontaketa Lur Kortarekin 6-8 urteko haurrentzat Lekuona Fabrikan. 19:00etan: Bertso Saio Literarioa Alaia Martin eta Julio Soto bertsolariak eta Oier Gillan gai jartzailearekin Niessen Kultur aretoan.
- Abenduak 4: 12:00etan: Kantujira Udal Txistularien Bandaren laguntzarekin. Antolatzailea: Lau Haizetara eta Errenteriako Udala. Kantujiraren ohiko bidea: Herriko plaza, Biteri kalea (Paki denda aurrean), Xabier Olaskoaga plaza, Foru plaza, Herriko plaza. Euria egingo balu Xabier Olaskoaga plazaren aterpean. 20:00etan: Lekuona fabrikan kontzertua: Skakeitan eta Kai Nakai.