[Erreportajea] Haur eta nerabeen ahotsa entzun dadin
Haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna ospatuko da bihar mundu osoan. Pasaiako gazteek euren nahietara egokitutako udalerria eraikitzeko Eskubidean planari esker gaurdaino egindako ibilbidea ez da laburra; horren berri emateko podcasta sortu dute.
Nazioartean aitorturiko eguna dute haur eta nerabeek biharkoa (azaroak 20). Pasaian data horrek inplizituki dakartzan aldarriak eguneroko errealitate bilakatzeko lanean dihardute Eskubidean planaren barruan Pasaiako Udalak eta udalerriko hezkuntza komunitateak.
Gazteen eskubideen bermea lau haizetara zabaltzeko egitarau oparoa sortu dute aurten eragileek hilaren 20aren karietara; gaur hasi eta abenduaren 2ra arte barrutiz barruti barreiatuko dituzte tratu onaren aldeko mezuak, «elkarren zaintzan eta tratu onean hezi behar dugu» esaldia izanik bide erakusle.
Datozen egunetako ekintza, tailer eta lantegietako asko haur eta nerabeek udalerrian martxan den parte hartze sistemaren bidez proposatutakoak dira. Familia eta gurasoentzako espezifikoki diseinatutako jarduerak ere antolatu dituzte, datorren asteleheneko Jolastegia edota abenduaren 2ko Haurren sexualitate arloan segurtasunez esku hartzeko irizpideak hitzaldi-tailerra, kasu, etxeko hezkuntzan ere errotik eragiteko.
Ahotsak, podcast bihurtua
Haur eta nerabeek badute zeresana. Argi utzi zuten hori iragan asteazkenean podcast bat sortzeko egindako saioan. Grabaketa Ikusezinak Pasaiako Irrati Librean egin zuten udalerriko hiru ikastetxeetatik bertaratutako zortzi gaztek.
Adingabeek, Eskubidean planarekin izaten ari diren esperientziari buruz hitz egin ez ezik, egunera arte, eskubidedun subjektu diren heinean, herria hobetzeko eta haien beharretara egokitutako Pasaia eraikitzeko eginiko ibilbideaz ere mintzatu ziren.
Euren ezinegon eta interesak ere jaso ditu podcastak; haur eta nerabeei komunikazio espazio bat eskaini eta esateko duten hori entzunarazi. Sorkuntza dagoeneko entzungai dago, honako esteka honetan.
Pasaian BiziHezi Eskubidean. Egitaraua
- Ostirala 19
- 17:30. Ekintza bereziak hezkuntza komunitateetan tratu onaren alde. Barruti guztietako hezkuntza komunitateetan. Egunean zehar haurren eta nerabeen eskubideen inguruko zenbait jarduera egingo dituzte.
- 17:30. Haurrentzako tailerrak. Jolasak eta tailerrak. Antxo, Donibane eta Trintxerpe/San Pedroko ludoteketan.
- Larunbata 20
- 16:30. Meri, Lari eta Mari haur ikuskizuna. Trintxerpeko pistetan (eguraldi txarrarekin, frontoian). Sexu eta genero ugariez, familia eredu ezberdinez eta askatasunaz diharduen antzezlana.
- Astelehena 22
- 17:30. Jolastegia familia tailerra 3-5 urteko haur eta familientzat. Antxoko Kultur Etxean. Atera berri diren jostailuak ezagutu eta probatzeko aukera. Hainbat gai (hezkidetza, aniztasuna, ingurumena) jostailuen bitartez lantzeko proposamenak azalduko dira. Tailer honetan parte-hartzea dohainik da, baina posta elektroniko bidez eman behar da izena aurretik.
- Asteartea 23
- 17:30. Serigrafia tailerra 7 urtetik gorakoentzat. Donibaneko Kulturguneko Topagune gelan. Tailer honetan parte-hartzea dohainik da, baina posta elektroniko bidez eman behar da izena aurretik.
- Asteazkena 24
- 17:30. Enperadorearen kondaira ipuin kontaketa. Antxoko Kultur Etxean.
- Ostirala 26
- 17:30. Enperadorearen kondaira ipuin kontaketa. Trintxerpeko alkateordetzan.
- 19:00. Euskararen plan estrategikoa gazteekin. Trintxerpe-San Pedroko gaztelekuan. Euskararen Plan Estrategikoa osatzeko parte-hartze saioa nerabeekin.
- Astelehena 29
- 17:30. Jolastegia familia tailerra 3-5 urteko haur eta familientzat. Donibaneko Ubera liburutegian. Atera berri diren jostailuak ezagutu eta probatzeko aukera. Hainbat gai (hezkidetza, aniztasuna, ingurumena) jostailuen bitartez lantzeko proposamenak azalduko dira. Tailer honetan parte-hartzea dohainik da, baina posta elektroniko bidez eman behar da izena aurretik.
- 17:30. Serigrafia tailerra 7 urtetik gorakoentzat. Antxoko Kultur Etxean. Tailer honetan parte-hartzea dohainik da, baina posta elektroniko bidez eman behar da izena aurretik.
- Abendua – Osteguna 2
- 17:30. Haurren sexualitate arloan segurtasunez esku hartzeko irizpideak hitzaldi-tailerra. San Pedroko liburutegian. Nerea Sancho psikologo eta sexologoaren eskutik. Haurren eta nerabeen gurasoei zuzendua.