EH Bildu: "Militarrak Jaizkibeldik kanpo nahi ditugu"
Koalizio abertzaleak udalbatzari eskatuko dio "pasaitarron nahi eztabaidaezina" argi adierazteko: Militarrek alde egin dezaten.
Hilabete hasieran ebazpen proposamena erregistratu zuen EH Bilduk Batzar Nagusietan, eta bide horretan aurrera egingo du Pasaiako ordezkaritzak orain: militarrek Jaizkibeldik “alde egin dezaten” eskatuko du Pasaiako koalizioak datorren astearteko udalbatzarrean.
Udalbatza osatzen duten gainontzeko alderdiei (Ahal Dugu-Podemos, EAJ eta PSE-EE) eskaera garbia egingo diete bilkideek: Espainiako militarrek hemendik alde egin dezaten “argi eta ozen” adieraztea. Oposizioko taldearen ustez, “pasaitarron nahi eztabaidaezina” da aurreko hori.
Alderdi abertzalearen ustetan, militarrak “harrokeriaz” aritzen dira inguruan, agintedun udalen araudiei “muzin eginez”. Are: “Gure ingurumenak eta herritarrak errespetatu gabe paraje babestuetan ere aritzen dira”.