Trintxerpetik San Pedrorako erreia moztuta egongo da gaur eta bihar gauean
Mozketak Euskadi etorbideko noranzko bakarrari eragingo dio, eta gaualdean (21:30a inguruan) hasiko dira trafikoa kale nagusitik desbideratzen.
Euskadi etorbideko errei bat trafikoari moztuta egongo da gaur eta bihar gaualdean, Telefonicak galtzadaren erdigunean kable-sarea aldatzeko obrak egin behar dituelako.
Mozketa gaueko 21:30a inguruan egitea aurreikusi dute, eta San Pedroko noranzkoko erreiari eragingo dio. Hala seinaleztatuta egongo da Ainguraren biribilgunean, eta baita Correosen bulegoen parean ere.
Lanek dirauten artean San Pedrora joan nahi duten ibilgailuak portutik edota Lasako bidegurutzetik desbideratuko dituzte. Aurreikuspenen arabera, goizaldeko 06:00etarako bidea zabalik egongo da bi egunetan, behin galtzada garbituta.