[Galeria] Azken 18 urteetan matxismoak eraildako emakume eta haurrak gogoratu dituzte Oiartzunen
A25ean udaletxeko arkupetan bildu ditu herritarrak Oiartzungo Feministen Asanbladak. 2003tik matxismoak eraildako emakume eta haur guztiak izan dituzte gogoan, banan-banan guztien izenak irakurri dituzte.
Eguraldia lagun ez izan arren, kalea hartzeko eguna dela argi erakutsi dute hamarka emakumek Oiartzunen ere. Kalera atera dira arratsean, udaletxeko arkupeetan bildu dira, Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunerako Oiartzungo Feministen Asanbladak deituta deiari erantzunez.
“Gizon batek emaztea erail du eta ondoren bere buruaz beste egin du. Astebetean bigarren erailketa matxista Euskal Herrian. Gizonezko batek bere bikotekidea erail zuen atzo. Azken larunbatetan Oiartzungo taberna batean ukituak izan direla salatu dute zenbait emakumek. Nazkatuta gaude eguna horrelako esaldi gogor eta hotzekin hasteaz, nekatu gara hitz krduel eta gordin hauek mingarri izateaz”, esan dute lehenik asanbladako kideek. Horrelako albisteak eguneroko ogi bilakatu izana “onartezina” dela erantsi dute amorruz.
“Aski da” ozen bat oihukatu dute, argi baitute ez dutela “indarkeria egunero gure gorputzetan jasan nahi, ez dugu beldurra bidelaguntzat nahi, ez dugu kontrolpean arnastu nahi eta ez dugu jendarteko kutsadura sexistaz elikatzen jarraitu nahi. Aske izan nahi dugu. Bizi nahi dugu, zoriontsuak izan, dantza egin, nahi duguna jantzi eta nahi dugunean erantzi, ozen abestu, elkarrekin sareak sortu, kirola egin, ikasi eta desikasi, ligatu, esperimentatu, antolatu, borrokatu eta askeak izan”.
Hitz hauen ostean azken 18 urteetan Euskal Herrian matxismoak eraildako haur eta emakumeen izenak irakurri dituzte banan-banan. Alboan izan dute azken astean Done Eztebe plazaren erdian egon diren panelak. Hauetan, 2003tik matxismoak eraildako haur eta emakumeen izenak, hilketaren data eta hiltzaileen izenak irakur zitezkeen.
Amaitzeko, gaurko mobilizazioa probestu nahi izan dute Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzak ildo horretan lan egin dezatela exijitzeko, “indarkeria matxistarik gabe bizitzea gure eskubidea baita”. Erakunde konprometituak behar direla erantsi dute, “eta ez morez mozorroturiko adierazpen instituzional, elkarretaratzea ezta argazkirik”.
Amaitzeko, borrokan jarraitzeko premia nabarmendu dute, “eraso hauen kontra eta jendarte parekide baten alde”.